Eba Blanco: «Azaroaren 29an olatu feminista bat eraiki behar dugu, erreakzionarioak geldiarazteko»
Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunean, EH Bilduk emakume guztien eskubideak eta bizitzak errespetatzeko eskatu du
Araba. 2026-11-21 | EH Bilduk emakume guztien eskubideak eta bizitzak errespetatzeko exijitu du gaur Amurriotik, Eba Blanco EH Bilduren Kongresurako Arabako hautagaiaren ahotan. «Erreakzionarioek atzera eginarazteko mehatxua egiten diguten garaiotan, emakumeok izango gara, historiako hainbat unetan bezala, eskuin muturra, haren matxismoa eta emakumeok pairatzen dugun indarkeria geldiaraziko ditugunak», ziurtatu du.
Blancok gogorarazi duenez, azaroaren 25a, indarkeria matxistaren aurkako borrokaren nazioarteko eguna, «aske eta seguru bizi nahi dugula» aldarrikatzeko eguna da. «Horregatik uste dugu A-29an erreakzionarioak geldiaraziko dituen olatu feminista altxatu behar dugula. Emakume guztion eskubideen eta askatasunen aldeko olatua, lortutakoa defendatzeaz gain, eskubide berriak lortzeko gai izango den olatua», gaineratu du.
Zentzu horretan, azaroaren 29an emakumeek botere izugarria izango dutela gogorarazi du. «Atzera egitea saihesteko ahalmena. Eta, batez ere, askoz gehiago aurreratzeko ahalmena. Feminismotik zerbait ikasi badugu, geure burua elkarzaindu eta kolektiboki jardutea da; elkarrekin kapazak garelako edozer lortzeko. Ziur gaude gaur kaleak beteko ditugun bezalaxe, azaroaren 29an herri honetako emakumeok hautestontziak ere beteko ditugula», amaitu du.






