Opens in a new tab

Programa

Programa deskargatu

0. Gure konpromisoa

Sarrera

Bidegurutze historiko baten aurrean gaude: gure herriarentzako eta gehiengo sozialarentzako eskubide eta askatasunetan aurrera egitea, edo murrizketetarantz, ukaziorantz eta inposaketarantz atzera egitea. Demokraziaren eta autoritarismoaren arteko bidegurutzea. Aurrera edo atzera egitea.

Horren aurrean, euskaldunok inboluzioari eusteko horma izan behar dugu, baina baita aurrerapenetarako motorra ere. Hori da gure konpromisoa, bloke erreakzionarioa geldiaraztea, eta eskubideetan eta askatasunetan aurrera egitea. Eta bai, hau da programa helburu hori lortzeko, aurrera egiteko eta euskaldunen bizitza hobetuko duten konkista berrietara iristeko.

Asko dira Madrileko Gorteetan azken urteetan lortutako lorpen eta aurrerapausoak: Alarguntzako eta kotizazio gabeko gutxieneko pentsioak handitu ditugu; Etxebizitzaren arloko neurri berriak onartu ditugu, baita larrialdi-dekretuak eta ezkutu soziala ere; bankuen eta ondasun handien gaineko zerga handitu dugu, eta gure foru-ogasunen kudeaketa propioa lortu dugu; gure oroimen historikoa berreskuratzen aurrera egin dugu, La Cumbre jauregia eta San Cristobal gotorlekua Oroimenerako leku bihurtuz edo Martxoaren 3ko Memoriala bultzatuz; euskararekiko errespetua indartu dugu eta gure herriarentzat gaitasun eta tresna berriak lortu ditugu; eta 200 milioi euro baino gehiago ere lortu ditugu gure herri eta hirietan, garraioak, kultura-proiektuak, trantsizio ekologikoa, irisgarritasuna, zaintza, hezkuntza edo azpiegiturak hobetzeko. Eta hori guztia egin dugu, eta, gainera, gure bozkekin babestu ditugu azken urteotan izan diren aurrerapen sozial guztiak eta justizia sozialeko neurri guztiak. Egingo genuela esan genuen, eta egin dugu.

Erantzukizunez egin dugu eta gure balio eta printzipioak galdu gabe. Neurri berri bakoitza, erabaki berri bakoitza, aurrerapen berri bakoitza sakonagoa izan dadin bultzatu dugu, anbizio handiagokoa eta haratago iritsi dena. Lanaren, gaitasunaren eta zintzotasunaren bermea izan gara eta hala izaten jarraituko dugu.

Hori da euskal gizartearekin dugun konpromisoa, modu serio eta zorrotzean lanean jarraitzea askoz gehiago lortzeko, gure herriari eta jendeari askoz gehiago eskaintzeko. Prest gaude gure onena emateko beste behin.

Horregatik, programa honek hurrengo legegintzaldian Kongresuan eta Senatuan gauzatuko ditugun jarduera-ildo nagusiak jasotzen ditu. Euskal herritarren arazo, behar eta desirei irtenbideak eskaintzea izango da helburua. Lan horrek, euskal herritarren indarrarekin, fruituak emango ditu berriro.

1. Eskubide eta askatasunak

1.1 Etxebizitza

Pertsona orok etxebizitza duina eta eskuragarria izatea bermatu beharreko oinarrizko eskubidea da. Horretarako, beharrezkoa da egungo arauak erabat aldatzea eta etxebizitzaren merkatua errotik aldatzea, gaur egun espekulazioan eta errentismoan oinarritutako negozio bihurtu baita. Segurtasuna, egonkortasuna eta etxebizitza behar duten pertsona guztientzako sarbide-bermeak eskainiko dituzten neurriak hartu beharko dira: merkatuan esku hartu, etxebizitzen erabilera arautu, espekulazioarekin amaitu, etxegabetzeak debekatu, prezioak erregulatu eta mugatu eta iraunkorrak eta automatikoki luza daitezkeenen kontratuen bidez segurtasuna eman.

Euskal Herria Bilduren helburua izango da etxebizitzaren funtzio soziala bermatzea baita Kongresutik eta Senatutik bultzatu daitezkeen neurriekin eta horretarako, honako hauek proposatzen dira:

  • Errentamendu-kontratu arruntak ezartzea, automatikoki luzatuko direnak, maizterrei eta jabe txikiei egonkortasuna eta segurtasuna eskaintzeko mekanismo gisa.
  • Bizitoki-alternatibarik ez duten pertsona eta familia kalteberak etxegabetzeko debekua egitu- neurri gisa eta modu iraunkorrean ezartzea, Estatuaren finantzaketaz hornitutako konpentsazio-mekanismo batekin osatuko dena.
  • Tentsio handiko eremu izendatu eta deklaratu dituzten udalentzako Estatuko finantzaketa-mekanismo berezi bat sortzea, izendapen horri eta alokairuaren arauketari lotutako tokiko etxebizitza-planak garatzeko.
  • Plataforma digitalek legez kanpoko etxebizitza turistikoen publizitatea egitea eta horien kontratazioa ahalbidetzea debekatzeko Lege Proposamena aurkeztuko dugu berriro. Kongresuko osoko bilkurak aintzat hartu zuen proposamena, baina haren izapidetzea blokeatuta geratu zen.
  • Etxebizitzen erosketa espekulatiboa debekatzea, irabazi-asmoa duten pertsona juridikoen, inbertsio-funtsen eta etxebizitza-jabe fisiko zein juridiko handien esku dagoenean.
  • Atzerriko etxebizitza-jabe handiei etxebizitza bat erosteko baldintza gisa ezartzea erosketa egin aurreko gutxienez bi urteetan udal-erroldan izena emanda egon izana. Erositako etxebizitza jabeak ohiko bizileku gisa erabili beharko du, edo, bestela, erreferentziazko prezio-indizeen araberako alokairu arautuan jarri.
  • Eraikin osoak erosteko baldintza izango da etxebizitzak prezio-indizeen araberako alokairu arautuan jartzea. Debekatuta egongo da, horrela, eraikin osoak helburu turistikoekin edo espekulatzeko-xedearekin erostea.
  • Errentamendu-kontratuetako errentaren urteko eguneratzean % 2ko gehieneko igoera-muga ezartzea, modu iraunkorrean, baldin eta eguneratze-datan urte arteko KPIaren aldakuntza-tasa ehuneko hori baino handiagoa bada.
  • Zerga-kenkari oro ezabatuko da baldin eta aurreko errentamendu-kontratuan ezarritako errentarekiko edo erreferentziazko prezio-indizeak ezarritako mugarekiko errenta igoerarik badago.
  • Epe laburreko turismo-ostatuen zerbitzuei % 21eko BEZ tasa aplikatzea.
  • Higiezinen Merkatuan Inbertitzeko Sozietate Anonimo Kotizatuak etxebizitza-sustatzaile gisa jarduteko figura juridikoa ezabatzea. Aldi berean, hauei aitortzen zaizkien zerga-abantaila eta pribilegioak indargabetu beharko dira, bai eta sustatzen duten bizitegi-parkearen gaineko kapital espekulatiboaren kontzentrazioa eragotzi eta merkatuan eragiten duten prezioen goranzko presioa saihestu ere.
1.2 Enplegua

Soldata duinak eta nahikoak lortzea, lan-baldintza bidezkoak lortzea eta langileen gehiengoaren eskubideak defendatzea izango dira lan-eremuan lortu beharreko helburuak. Gutxiengo baldintza batzuk lortzea langileek bizitza duina bermatua izan dezaten baliabide materialak eskaintzea.

  • Lanaldia astean 32 ordura edo lau lan-eguneko astera murriztea, soldata-murrizketarik gabe, Langileen Estatutuaren Legearen erreformaren bidez. Mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek egokitzeko aukera izan dezaten, enpresa horientzat hasierako lanaldi-murrizketa astean 35 ordura ezarriko da, eta, gehienez ere, hiru urteko epean, progresiboki, helburua lortu beharko dute.
  • Lanbide arteko gutxieneko soldata propio (LGS) baten bidez errealitate sozioekonomikora egokitzea. Modu honetan sahiestuko litzake LGSarekiko mendekotasun handiena duten sektoreek, hala nola gazteek, emakumeek eta sektore ahulek erosteko ahalmena galtzea eta nahikotasun balioak lortzea. Horretarako:
    • Langileen Estatutua aldatzea, autonomia-erkidegoek beren LGS propioa ezarri ahal izan dezaten errealitate sozioekonomikoa kontuan hartuta, eta estatuak ezarritako LGSa legezko minimo xedaezina izan dadin.
    • Legez ezartzea LGSaren zenbatekoa zehazteko Europako Gutun Sozialak ezarritako erreferentzia hartzea.
    • Enpresek gutxieneko soldataren igoerak plusen eta soldata-osagarrien bidez xurgatzea eragozteko beharrezko lege-neurriak ezartzea.
  • Oraindik gauzatzeke dauden eta langileen eskubideak bermatzeko funtsezkoak diren lan-arloko neurriak berreskuratzea eta indarrean jartzea:
    • Bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina gutxienez 45 eguneko soldatakoa izatea, Europako Eskubide Sozialen Batzordeak emandako ebazpena bete eta, kalte-ordain disuasorioak eta behar bestekoak bermatzeko.
    • Izapidetze-aldiko soldatak berrezartzea.
    • Langileen Estatutuan Enplegu Erregulazioko Espedienteetan lan-agintaritzaren aldez aurreko beharrezko baimena berreskuratzea, enplegua eta enpresa-jardueraren bideragarritasuna babesteko helburuarekin.
    • Prekarietatea, behin-behinekotasuna eta lanaldi partziala murrizteko neurri espezifikoak ezartzea, bereziki emakumeei eta gazteei eragiten dietenak, egungo soldata-arrakala murrizteko helburuarekin.
  • Aparteko orduen gehiegizko erabileraren praktikarekin amaitzea, horietako asko ordaindu gabeak edo atsedenarekin konpentsatuak, Lan Ikuskaritzak nahitaezko ordutegi-erregistro digitala eta legez aparteko orduen errekargua ezarrita.
  • Probaldia ez gainditzeagatiko kontratu-amaieren kontrola, aldi hori iruzurrezko kontratazioak eta arrazoirik gabeko kaleratzeak estaltzeko erabil ez dadin. Negoziazio kolektiboaren bidez finkatuko da probaldiaren iraupena, eta, akordiorik ez badago, gehienez 3 hilabeteko epea ezarriko da teknikari tituludunentzat, eta hilabetekoa gainerakoentzat.
  • Lan-administrazioaren prestazio eta langabezia-zerbitzuetako arreta- eta izapidetze-sistemak erreformatzea, horretarako baliabideak eta langile-kopurua handituz, zerbitzu horiek behar dituzten pertsona guztiei arreta eta izapidetze egokia bermatzeko, bai aurrez aurreko kanalaren bidez, bai elektronikoki, ezarritako epe eta baldintzetan.
  • Desgaitasuna duten pertsonen laneratze eraginkorra bermatzea, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Komitearen 8. ohar orokorrarekin bat etorrita, askatasunez aukeratutako edo onartutako lana izateko eskubideari dagokionez, gainerako herritarren baldintza berberetan. Horretarako: lanpostu irisgarriak, enplegurako laguntzak, arrazoizko egokitzapenak, garapen profesionalerako aukerak eta lan-egonkortasuna sustatuko dira, bai eta lan-merkatuan berdintasunezko baldintzetan parte hartzea ahalbidetuko duten enplegu-politika aktiboak indartu ere.
  • Negoziazio kolektiborako Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Lan Harremanen Esparrua aitortzea eta benetan ezartzea, bertako errealitate sindikal, laboral, sozial eta ekonomikoari erantzun diezaion.
  • Atzerriko titulazioen homologazio- eta baliokidetasun-izapideak arintzea, gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuetan beharrezko mekanismo gisa.
  • Etxeko langileen lan-baldintzak hobetzea, gainerako langileekin erabat parekatzeko, honako neurri hauen bidez: langileen erregimenaren berrikuspen zorrotza, laneko gaixotasunak berraztertzea, Lan Ikuskaritza zorrotzagoa etxebizitzetako gehiegikeriei eta gehiegizko lanaldiei jarraipen eraginkor bat emateko, langabezia-prestazioak eta pentsioak kobratzeko oztopoak kentzea, eta negoziazio kolektiboa sustatzea, hitzarmen kolektibo baten bidez etxeko enpleguko lan-baldintzak arautu eta hobetu ahal izateko.
  • Lan ikuskaritzaren eskumen osoa transferitzea, beharrezko plazak betetzeko deialdiak egiteko gaitasuna barne hartuta langileen babeserako funtsezko tresna izan dezagun. Behin-behinean, eta eskualdaketa gauzatu arte, Lan ikuskaritzarako langile kopurua handitzeko lan eskaintza publikoak egitea.
  • Enplegu-politika pasiboen gaineko eskumena Nafarroara eskualdatzea.
1.3 Pentsioak

Pentsioak murriztu eta pribatizatzeko mehatxuen aurrean, pentsio horien izaera publikoa defendatzeaz gain, pentsio guztiek nahikotasun-balioak lor ditzaten beharrezkoak diren neurriak hartzeko lan egingo dugu, modalitate guztietan, batez ere gutxieneko pentsioetan, ez kontribuziozkoetan eta alarguntasunekoetan.

Horretarako:

  • Pentsioen izaera publikoa eta pentsio-sistema publikoa blindatzea, edozein murrizketa, pribatizazio edo erretiro adina eta kalkulu-aldia luzatzeko saiakerari uko eginda.
  • Pentsiodunen erosteko ahalmena bermatzea, KPIaren araberako urteko eguneratzea mantenduz eta blindatuz.
  • Gutxieneko pentsioak, gutxienez 1.220 eurora igotzea, eta haien zenbatekoa eta eguneratzea Langilearteko Gutxieneko Soldatari lotzea, pentsiodunen mugimenduak eskatzen duen bezela.
  • Alarguntza-pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak gutxienez %15 igotzea berriro, gutxieneko nahikotasun mailara iritsi arte, pentsio horiek jasotzen dituzten pertsonek, gehienak emakumeak, pairatzen duten prekarietateari aurre egiteko neurri gisa.
  • Gutxienez 40 urteko kotizazio-aldia duten pertsonek penalizaziorik gabe pentsioa jasotzeko duten eskubidea aitortzen duen Legearen izapidetza amaitzea.
  • Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren eskumena euskal eta nafar erakundeei eskualdatzea.
1.4 Bizitzaren garestitzea

Prezioei eusteak ezin du atseden hartu soilik merkatuek erabakitako igoerak gerora konpentsatuko dituzten laguntza publikoetan. Prezioen eraketan, balioaren banaketan eta errenten jabetzan esku-hartze publikoa egiteko gaitasuna bermatu behar da, krisi ekonomikoak korporazio handientzat aberasteko aukera bihurtu ez daitezen. Honetarako, hauek dira proposatzen ditugun neurriak:

  • Energia eta elikadura sektoreetako enpresa handien marjinetan ezohiko esku hartzeko mekanismo bat ezartzea. Helburua honako hau izango da: larrialdi-egoeretan, hornidura-krisietan edo aparteko kostu-gehikuntzetan igoera horiek kontsumitzaileari neurriz kanpo ez helaraztea. Izan ere, hau gertatzen den bitartean, enpresek beren irabazi-marjinak handitzen dituzte, zeinak gaur egun inflazio-elementuetako bat diren.
    • Mekanismo horrek kostu-gehikuntzen zati bat enpresa-marjinen bidez xurgatzeko betebeharrak ezarriko dizkie enpresei, irizpide objektiboak kontuan hartuta, hala nola merkatu-posizioa, ekonomia- eta finantza-ahalmena, kostuen eta marjinen bilakaera eta aparteko errentak izatea.
    • Aplikazioa bermatzeko, beharrezko legegintza- eta gainbegiratze-tresnak ezarri beharko dira, eta bereziki indartu beharko dira MLBNren eta Enpresa Marjinen Behatokiaren gaitasunak, baita gardentasun-, ikuskapen- eta zehapen-mekanismoak ere.
  • Gaur egungoa bezalako ezohiko garestitze-egoeretan elektrizitatea sortzeko erabilitako gasaren prezioan esku hartzeko mekanismoa berreskuratzea, mekanismo iberikoaren edo “gasaren topearen” esperientzia erreferentziatzat hartuta.
  • Denborazko mugak ezartzea funtsezko ondasun eta zerbitzuen prezioei, hala nola elektrizitateari, gasari, erregaiei, garraioari eta oinarrizko produktu jakin batzuei, larrialdi-egoeretan, hornidura-krisietan edo prezioen ezohiko eta justifikaziorik gabeko igoeretan.
    • Mekanismo horiek aktibazio-, iraupen- eta berrikuspen-irizpide objektiboak izan beharko dituzte, kontsumitzaileen babesa bermatuz eta krisi-egoerek espekulazio- eta aberaste-aukera apartak ekar ditzaten saihestuz.
  • Europako erakundeen aurrean lekualdatzeko eta defendatzeko, Europako merkatu elektrikoko prezioak eratzeko sistema erreformatzearen aldeko jarrera hartzea, egungo eredu marjinalistaren mugak gaindituz, sortze-teknologia garestienen kostuek elektrizitate osoaren ordainsaria sistematikoki zehaztu ez dezaten eta sorkuntza berriztagarriko kostu txikienak kontsumitzaileek ordaintzen dituzten prezioetara lekualdatzen direla bermatzeko.
  • Elikagaien ekoizpen-, transformazio- eta banaketa-kate osoaren gaineko esku-hartze eta gainbegiratze publikoa indartzea. Helburu hau lortzeko beharrezkoa izango da: ekoizleen, industriaren eta banaketaren arteko balio-banaketa bidezkoa bermatzea, eta banaketa-kate handiek eta bitartekariek beren merkataritza-marjinak kontsumitzaileen eta ekoizpen-sektorearen kontura arrazoirik gabe handitzea eragoztea. Horretarako:
    • Nahitaezko kontrolak ezarri beharko dira banatzaile eta bitartekari handien prezioen eta merkataritza-marjinen gainean, ikuskaritza eta zehapen-araubidea indartu beharko dira abusuzko merkataritza-jardunbideen aurrean, eta bermatu beharko da benetan betetzen dela ekoizpeneko benetako kostuen azpitik erosketak egitea debekatzen duen araudia.
    • Murrizte-estrategiei, prezioen ezkutuko aldaketei eta kontsumitzaileak kaltetzen dituzten manipulazio komertzialeko beste praktika batzuei aurre egingo zaie.
    • Elikagaien Katearen Behatokia garatzea, katearen maila guztietako prezioen, kostuen eta merkataritza-marjinen jarraipena egiteko tresna eraginkor gisa. Izan ere, horrela bermatuko da rezioen eraketaren eta balioaren banaketaren gardentasuna.
  • Laguntzak eta prezio-murrizketak ezartzea energia-kostuen eta sargai nagusien ezohiko igoerek bereziki eragindako produkzio-sektoreentzat, hala nola industriarentzat, garraio profesionalarentzat eta lehen sektorearentzat.
    • Neurri horiek lehentasuna emango diete produkzio-jarduera eta enplegua babesteari, produkzio-kostuen egonkortasunari eta ustiategien eta enpresen jarraitutasunari. Gainera, laguntza publikoak jarduerari eustera baldintzatuko dituzte, enpresa-marjinak handitzea edo aparteko mozkinak sortzea saihestu. Era berean, erregai fosilen eta energia-merkatu lurrunkorren mendekotasuna murriztuko duten egiturazko konponbideak bultzatu beharko dira.
  • Ohiko bidaiarientzako egungo tarifen beherapenak eta diruz lagundutako bonuak mantentzea eta zabaltzea, Estatuaren finantzaketa barne, autonomia-, foru- eta toki-erakundeen mendeko garraioen hobariak jasotzeko.
  • Bono sozial elektrikoa eta termikoa eskuratzeko aukera zabaltzea eta automatizatzea, baldintzak betetzen dituzten pertsona eta etxe guztiek prestazio hori benetan jasotzen dutela bermatuz, eta ezjakintasunak, konplexutasunak edo administrazio-baliabiderik ezak legez aitortutako eskubide bat egikaritzea eragotziko dutela saihestuz.
1.5 Zerbiztu publikoak

1.5.1 OSASUNA, ESKUBIDE KOLEKTIBOAK ETA ONGIZATE KOMUNITARIOA

Gure helburuak, lehenik eta behin, gaur egun Hego Euskal Herrian gauzatzen diren eskumenak defendatzea, Osasun Ministeritzak oraindik dituen eskumenak eskuratzea, eta autonomia-erkidego guztietako gainerako kolektibo, profesional eta herritarrekin lankidetzan aritzea izango dira. Finean, osasun indibidualaren eta kolektiboaren eskubideak indartzea eta eskubide horiek betetzen direla bermatzea lortu nahi da.

Hauek izango dira gure lan-ildo espezifikoak:

Herritarrak.

  • Oinarrizko kartera komuna zabaltzea, aho-hortzen osasun eta produktu optikoak eta ikusmen-osasun prestazioekin, historikoki arretarik jaso ez duten edo kalteberatasun handieneko egoeran dauden kolektiboentzat, gizarte-ekitatearen zeharkako ikuspegiarekin. Era berean, talidomidaren edo poliomielitisaren ondorioak jasan dituzten pertsonek behar dituzten prestazioak izango dituzte sortutako kalteak arintzeko.
  • Higiene menstrualeko produktuen doakotasuna onartzea, farmazia-banaketaren bidez, eta produktu horiei BEZ supermurriztua aplikatzea salmenta-puntu guztietan.
  • Emakumeen eta gizonen preserbatiboen eta STIak detektatzeko oinarrizko kiten doako farmazia-banaketa ezartzea.
  • Adingabeen elikagai ultraprozesatuen, edari azukredunen eta energetikoen merkaturatzea eta publizitatea arautzea eta mugatzea.
  • Eutanasia arautzen duen martxoaren 4ko 3/2021 Lege Organikoa aldatzea, pertsona guztiek prestazioa jasotzeko duten eskubidea bermatzeko eta jatorri fisikoko sufrimendua eta sufrimendu psikikoa modu berean aintzat hartzeko. Helburua izango da duintasunez hiltzeko eskubidea blindatzea hirugarrenen esku-sartze judizialaren aurrean, horrela ziurtatuko baita hiltzeko laguntza eskatzeko prozedura intimitate pertsonaleko eta autodeterminazioko egintza zorrotza dela.
  • Arlo horretan espezializatutako kolektibo feministen eskutik indarkeria obstetrikoaren detekzioan, prebentzioan eta sentsibilizazioan aurrera egitea.
  • Ahazte onkologikorako eskubideari buruzko lege-neurrien kontrola eta jarraipena egiteko mekanismoak garatzea.

Profesionalak.

  • Aldi baterako eta transferentzia gauzatzen ez den bitartean, BAME, BAPE, BAPE eta abarreko plazen % 53 Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak menperatzen dituzten profesionalentzat erreserbatzea proposatzea.
  • BAME, BAEE, BAPE eta antzeko espezialitateen prestakuntzan sartzeko ereduaren aldaketa bultzatzea. Gainera, gaixotasun infekziosoen espezialitatea sortzea proposatuko dugu.
  • Lehen mailako arreta indartzeko helburuarekin, familia eta komunitateko espezialitatea lehenetsi eta ziurtatzea.
  • Lanbide sanitarioen antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legea aldatzea, premia soziosanitario berriei aurre egiteko eta Osasun Sistema Publikoa gaur egunera aldatzeko. Horretarako, proposatzen dugu lanbide sanitario gisa aitortzea biologia, gizarte-lana, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak eta psikologia.
  • Osasun-sistemako kategoria guztietako prestakuntza espezializatuaren eskumena eta lanbide sanitarioen trebakuntza espezifikoko arloen eskumena transferitzea.

Gobernantza.

  • Osasun mentaleko arretan eredu-aldaketa bat bultzatzea Osasun Sistema Nazionalaren Osasun Mentaleko estrategia berrian. Ikuskera aldatzea proposatzen dugu, ereduaren ardatz gisa determinante sozialak jarriz. Honen helburua izango da erabakiak hartzeko gaitasuna eragindako pertsonei ematea eta bermatzea haiek izango direla artatzearen muina.
  • PPk onartutako Osasun Sistema Kudeatzeko 15/1997 Legea indargabetzea, zeinak osasun-zerbitzuak pribatizatzea ahalbidetzen duen.
  • Industria farmazeutikoaren eta teknologia medikoen finantzaketa eta babes-sistema arautzea eta bideratzea, Osasun Sistema Publikoaren helburu eta ildo estrategikoetara bideratuta.
  • Industria farmazeutikoa eta teknologia medikoak babesteko sistema arautzea eta bideratzea.
  • Autonomia-erkidegoekin batera, farmazia publiko bat sortzeko bidean aurrera egitea. Honen helburua izango da autonomia-erkidegoen autokudeaketa sustatzea honako hauetan: osasun-sistema publikoan gehien erabiltzen diren oinarrizko materialetan, Osasunaren Mundu Erakundeak oinarrizkotzat jotzen dituen sendagaietan, stocka haustera bideratutako farmakoetan.
  • Uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren erreforma bultzatzea, sendagaien hornidurarekin eta farmazia-prestazioaren jasangarritasunarekin lotutako erronka berriei aurre egiteko.
  • Osasun Sistema Publikoaren eraldaketan aurrera egitea, pertsonen premiei ikuspegi biopsikosozialetik erantzuteko. Horretarako, osasunerako eskubidea indartu eta, aldi berean, zaintza soziosanitarioetara bideratutako giza baliabideen plangintza eta optimizazio hobea ahalbidetuko dira.
  • Nazioarteko txertaketa-zentroen eskumenaren transferentzia eskatuko dugu kudeaketa-gomendioko hitzarmenaren bidez, eta, era berean, kanpo-osasunaren arloko eskumenaren transferentzia kudeatzeko izapideak hasiko ditugu.

1.5.2 HEZKUNTZA

Euskal Herrirako hezkuntza-sistema propioa defendatzen dugu, kalitatezkoa, inklusiboa, hezkidetzakoa, parte-hartzailea, laikoa, euskalduna eta subiranoa. Horregatik,

  • Ratioak jaistearen alde egiten dugu, hezkuntza-kalitatea hobetzeko aukera gisa. Jaiotza-tasaren jaitsiera aukera bat izan daiteke ikasleen arreta pertsonalizatua indartzeko, batez ere ahulena, eta hezkuntza inklusiboagoa sustatzeko.
  • Profesionalak egonkortzearen aldeko apustua egitea, haien lan-baldintzak hobetuz eta prestakuntza handituz, premia berrietara egokitzeko.
  • Finantzaketa handitzea, UNESCOk zehaztutako inbertsioaren % 6ra hurbiltzeko helburuarekin.
  • Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen arreta indartzea helburu duten arau-aldaketak bultzatuko ditugu.

1.5.3 ZAINTZA

Egungo sisteman, zerbitzu publiko nahikorik gabe, mendekotasuna duen pertsona izateak milaka eta milaka familia zigortzen ditu, sozialki eta ekonomikoki. Badakigu zaindua izateko beharrak gu guztion bizitzan daudela, eta badakigu hori guztia behar bezala estaliko duen sistema publiko batetik zein urrun gauden. Horregatik, honako hau proposatzen dugu:

  • Zaintza gure gizarteen etorkizunerako funtsezko gai gisa kokatzea, sektore horretan pribatizazioa eta irabazi-asmoa mugatuz, eta haren unibertsaltasun eta doakotasunerantz aurrera eginez.
  • Aldi baterako zainketen ikuspegia mendekotasunaren arreta-sisteman sartzea.
  • Zaintzarako eskubide subjektiboan urratsak ematea. Lehen urratsa mendekotasunagatiko prestazio ekonomikoa eskaera egiten den egunetik jasotzeko eskubidea lortze aldera emango dugu.
  • Zaintza-sektorean genero arrakala erreparatzeko neurriak hartu, lan-prekarietatetik hasi eta familia-zaintzak aitortzeraino, Gizarte Segurantzarekin koordinatutako aldaketekin, hobariei, pentsioei eta ordaindutako baimenei dagokienez.
  • Indarrez esterilizatzera behartuak izan diren eta poliomelitisaren eragina pairatu duten kolektiboekin dauden zorrak kitatzeko neurriak babestuko ditugu.
  • Dependentziaren legea Xri buruzko neurriak aldatzea. Honen helburua izango da zaintza pertsonalei buruzko koordainketa alde batera uztea, eta eragindako familiek edo pertsonek ostatuari eta mantenuari dagokien koordainketa soilik beren gain hartzea, sistemaren doakotasunerantz aurrera egitea.

1.5.4 ADMINISTRAZIO PUBLIKOA

  • Administrazio publikorako sarbidea ziurtatzea herritar guztiei, garaiz eta behar bezala. Horretarako, eta arrakala digitala errealitatea den bitartean, aurrez aurreko kanalak ezarri beharko dira nahitaez, edozein izapide garaiz eta behar bezala egin ahal izateko. Horrela, hitzordurik ez ematea eta administrazioarekin dituzten harremanetan milaka pertsonak jasaten duten kolapsoa saihestuko da. Izan ere, modu honetan bakarrik bermatuko da herritarrek lan eta gizarte babeserako duten eskubidea. Hau guztia ziurtatzeko eta herritarrek kalitatezko zerbitzua izateko duten eskubidea errespetatzeko beharrezkoak diren baliabide eta plantilletan inbertsioak egin beharko dira.
  • Lan- eta gizarte-babeseko oinarrizko figurak eta tresnak eskatzeko eta aitortzeko prozesu laburtuak aplikatzea, hala nola langabezia-prestazioak edo kolektibo kalteberentzako laguntzak.
  • Estatuko administrazio publikoak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan eskaintzen dituen zerbitzuetarako, justizia-administrazioa barne, euskara jakitea baldintza gisa ezartzea, herritarrek arreta gure hizkuntzan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko, bai aurrez aurre, bai telematikoki edo telefono bidez. Horretarako, Estatuko administrazio orokorrera sartzeko irizpideak ezartzen dituzten legeak aldatu beharko dira.
  • Gaur egun aurrez aurreko hitzorduekin gertatzen den iruzurrari eta merkataritzari aurre egiteko kontrol-neurriak proposatzea.
  • EAEko eta Nafarroako administrazio publikoei beren plantillen soldata-igoera ezartzeko eskumena erabat aitortzea, Estatuan ezarritako mugak kontuan hartu gabe eta negoziazio kolektiboaren bidez erabakita.
1.6 Ezkutu soziala

Azken urteotan EH Bilduk gure gizarteko pertsona eta familia ahulenei laguntzeko sare gisa adostu eta mantendu duen ezkutu soziala mantentzea eta indartzea izango da helburua, egoera okerrenean daudenei gutxieneko segurtasuna eta egonkortasuna eskainita. Horretarako:

  • Pertsona zaurgarrientzako oinarrizko horniduren bermea egiturazkoa eta iraunkorra izatea. Berme horrek etxe zaugarriei hornidurak etetea eragozten du, zein abenduaren 31ra arte egongo den indarrean, EH Bilduk azken 3 urteetan lortutako luzapen-akordioei esker.
  • Bono sozial elektriko eta termikoen pertzepzioa zabaltzea, arintzea eta automatizatzea, hauek jasotzeko eskubidea duten pertsona guztiek benetan eskura ditzaken bermatzeko. Horretarako, oztopo administratiboak gainditzea beharrezkoa izango da.
  • Bizitzeko gutxieneko horniduraren sarbidea eta iraupena mantentzea eta zabaltzea.
  • KPIaren arabera IPREMa igotzea, azken urteetan prestazioetan, langabezian, dirulaguntzetan eta indize horren araberako laguntzetan izandako galera konpentsatzeko aukera emango duen aparteko igoerarekin.
  • Zaurgarritasun-kalifikazioa birformulatzea, baldintzak eta betekizunak zabalduz, hala nola errenta-muga, baldintza bereziak, familia-kargak, etab. Honen helburua kalifikazio honetan babestutako babes-neurriak pertsona eta familia gehiagorengana iristeko modukoak izatea da, zehazki, bizitzaren garestitzea eta zailtasun ekonomikoak hainbetsekoak diren testuinguru honetan.
  • Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskumenaren transferentzia integrala eskuratzea. Aldi baterako, transferentzia eraginkorra izan arte, baldintzak eta betekizunak zabaltzea dugu helburu, jende gehiagorentzat eskuragarri egon dadin. Gainera, zenbatekoak handitzea eta horiek jasotzeko aukera bermatzeko izapideak sinplifikatzea proposatzen da.
1.7 Familiak eta haurtzaroa

Berdintasunezko kontziliazio-sistema baterantz aurrera egiteko neurriak defendatu eta bultzatuko ditugu, non adingabe guztien eskubideak bermatuko diren.

  • Familia eta lana uztartzea eta familien babesa hobetzeko neurrietan aurrera egitea ikuspegi intersekzionaletik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko 2019/1158 (EB) Zuzentaraua osorik betetzea barne.
  • Gazteen eta haurren parte-hartzea bermatzea bilakaera politiko eta sozialean.
  • Autonomia erkidegoei haurren hazkuntzarako laguntza ekonomikoak garatzeko orientabideak ematea proposatzen dugu, lurralde bakoitzeko hazkuntza gastuaren indizeekin bat etorriz. Era berean, prestazio hori Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrerarekin (BGDS) eta haurrentzako beste laguntza osagarri batzuekin bateragarria izatea bermatu behar da.
  • Amatasunagatiko eta aitatasunagatiko baimen ordainduak hobetzea eta baimen horiek haurren eskubidetzat hartzeko bidean aurrera egitea, honako neurri hauen bidez:
    • Biparentalak diren familiei aitotzen zaizkien edoskitze-baimenen, mendeko adingabeak zaintzeko lanetik kanpo geratzeko baimenen eta lanpostua gordetzeko eskubidea dakarten lan kontratuaren etete baimenen iraupena guraso bakarreko familietara berdintzea, horien iraupena familia biparentaletan bigarren gurasoari dagokion denbora berean luzatuz.
    • Edoskitzeko baimen ordaindua berdintzea besteren konturako langileentzat edo autonomoentzat.
    • Jaio aurreko amatasun-baimena eta erdiberriaroko baimena sortzea, biak unibertsalak eta ordainduak, ugalketa-eskubideak eta lehen haurtzaroko premiak aitortzeko eta babesteko.
  • Minbizia edo beste gaixotasun larri batzuk dituzten adingabeak zaintzeagatiko prestazioak hobetzea.
  • Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko atzerritarren bulegoei giza baliabide nahikoak ematea, familia berriz elkartzeko eskatzaileen eskubideak eta haurrei zuzenean eragiten dieten izapideak ez urratzeko.
1.8 Zerga politika

Aberastasuna birbanatzea bidezko edozein gizartek ziurtatu beharreko helburua izan behar da. Zerga-politika da horretarako tresna eraginkorretako bat. Horregatik, beharrezkoa da sektore pribatuak, batez ere enpresa handiek, dituen irabazi marginekin, herritarrengan eta sektore publikoan ekarpenak egitea. Batez ere kapitala eta irabazi-marjina handiak metatzen ari diren une honetan. Horretarako, hurrengo neurriak proposatuko ditugu:

  • PNVk, PPk, VOXek, UPNk eta JUNTSek atzera bota zuten energia-enpresen gaineko zerga berreskuratzea eta iraunkor bihurtzea. Zerga gure ogasunekin itunduko da, gure erakundeek zerga kudeatu eta bildu dezaten.
  • Bankuen eta fortuna handien gaineko zergaren karga fiskala handitzea.
  • Elikagaiak banatzen dituzten enpresa handien irabazien gaineko zerga berezi berri bat onartzea, foru-ogasunekin itunduta, zerga kudeatu eta bildu dezaten.
  • Iraupen laburreko turismo-ostatuentzat %21eko BEZa ezartzea.
  • Inbertsio publikoa mugatzeko arau fiskalak indargabetzea, arau horiek eragozten baitiete toki-erakundeei herritarrentzako zerbitzuetan eta jardueretan beharrezkoak diren inbertsioak egitea.
  • PPk eta PSOEk egindako Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren aldaketa indargabetzea, zeinak zorraren ordainketari lehentasuna ematen baitio inbertsio sozialaren eta publikoaren aurretik.
  • Zerbitzu publikoen pribatizazioak eta murrizketak, lan eskubideen edo pentsioen murrizketak dakartzaten austeritate-politikoetara itzultzeari uko egitea.
1.9 Trantsizio ekosoziala eta garapen ekonomikoa

EH Bilduk trantsizio ekosoziala urgentziazko eraldaketa sistemiko bezala ulertzen du: klima larrialdiari aurre egin, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarri, justizia klimatikoaren printzipioari erantzun eta planetaren muga ekologikoak errespetatuz oparotasun berri bat sortuko duen eraldaketa. Gorte Nagusietako ekimenaren testuinguruan, gure proposamenek ikuspegi propio batekin bat egiten dute gure subiranotasun nazionalaren bidean. Lehentasunez, deskarbonizazioa azkartzea eta kanpoko energia menpekotasuna murriztea bilatzen dugu, autosufizientzia konektatuaren printzipioa aplikatuz, hau da, energia, ondasun eta baliabideen ahalik eta ekoizpen handiena bultzatuz tokian toki, berezko gaitasunak aprobetxatuz eta lurraldeen arteko kooperazio eta interdependentzia sareak artikulatuz, Euskal Herriko erakunde propioen erabaki ahalmenari errespetu osoa eskatzen dugu, baita Kontzertu Ekonomikoari eta Hitzarmen Ekonomikoari ere. Gobernu programa zehatza izan gabe, aurkezten ditugun ildo estrategikoek Bizigintza ponentziaren garapena bultzatzea dute helburu, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat trantsizio ekosoziala bultzatzeko EH Bilduren bidea. Hemen zirriborratzen diren lerroek ez dute agortzen trantsizio ekosozialari lagun diezaioketen neurrien multzoa. Horregatik, EH Bildu irekita dago gizarte zibil antolatutik etor daitezkeen beste ekimen batzuk babesteko edo bideratzeko, betiere gure oinarri programatikoaren orientazio orokorrarekin bat egiten badute eta eskumen-esparrua errespetatzen badute. Hori bereziki garrantzitsua da klima-aldaketara egokitzeari dagokionez, behetik gorako ikuspegia defendatzen dugulako, eta hurbileko erakundeek izan behar dute protagonista.

1.9.1 ENERGIA ETA KLIMA

  • Anbizio klimatikoa: Energia eta klimaren plangintzaren (PNIEC) helburuen goranzko berrikuspena, deskarbonizazioa, gutxienez, 2045era aurreratzeko.
  • Mendekotasun fosila: Erregai fosilen erabilera lehenbailehen murriztea, emisioak eta kanpoko energia-mendekotasuna murrizteko lehentasunezko bide gisa. Horretarako, sektore guztietan jardun behar da, eta horietako bakoitzean helburu handiagoak ezarri behar dira.
  • Hedapen berriztagarria: Hedapen berriztagarri azkarra eta beharrezkoa den eskalan egiteko baldintza sozial, fiskal, administratibo, planifikatzaile eta ekonomiko optimoak sortzea, parte-hartze publiko eta komunitarioa bultzatuz sorkuntzatik kontsumora, elikadura burujabetzarekin bateragarri eginez eta bere onargarritasunerako baldintzak ezarriz itzulera sozial justu, garden eta lurraldeka banatuaren bidez, proiektuak jasotzen dituzten komunitateei onurak itzuliko zaizkiela bermatzeko.
  • Itxiera nuklearra: PNIECen definitutako itxiera nuklearraren egutegia mantentzearen alde egingo dugu.
  • Larrialdi klimatikora egokitzea: EH Bilduk behetik gorako estrategia baten alde egiten du, eskualdea unitate egokitzaile idealtzat hartuta, estrategia integralen bidez, lurralde plangintza, ura, basogintza, hirigintza, nekazaritza-abeltzaintza, mugikortasuna, azpiegiturak eta abar uztartuz. Gure lurraldeak erresilienteagoak egitera bideratuak. Orientabide orokor gisa, lege-aldaketa aurreratuenak babestuko ditugu irizpide zientifiko-teknikoen arabera, eskumen-banaketa errespetatuz.
  • Elektrifikazioa: Elektrifikazioaren aldeko apustua, deskarbonizazioaren lehentasunezko bide gisa. Elektrifikazio-helburu lotesleak ezartzea babestuko dugu.
    • Sistema elektrikoaren garapena: Sare elektrikoak, biltegiratzea eta beharrezko flexibilitate-mekanismoak indartzea, energia berriztagarri gehiago integratzeko eta eskaera handiagoari erantzuteko.
    • Merkatu elektrikoa eraldatzea nazioarteko merkatuetan gas fosilaren prezioa igotzeak elektrizitatearen prezio osoari gehiegizko presioa egin ez diezaion.
    • Energia Komunitateak eta autokontsumoa: Arau-esparruaren bidez, zerga-esparrua eta zuzeneko laguntza ekonomikoa ahalbidetzea, autokontsumoaren, energia-komunitateen eta herritarren energia-komunitateen hedapena ahalbidetzeko.
    • Babes soziala eta bonu sozial elektrikoaren automatizazioa: bonu sozial elektriko eta termikoaren sarbidea automatizatzea, aukera izanda bonu soziala eskatzen ez duten herritarren egungo arrakala ixteko, eta energia-komunitateetan kalteberak diren familien parte-hartzea bultzatzeko.

1.9.2 INDUSTRIA ETA ERALDAKETA PRODUKTIBOA

  • Estatuko eta Europako legegintza-estrategia bat bultzatzea Made in Europe garatzeko burujabetza industrialeko, trantsizio ekologikoko eta justizia sozialeko tresna gisa, Industrial Accelerator Act barruan, Europako ekoizpen-gaitasunak indartzeko, sektore estrategikoak zabaltzeko eta laguntza publikoak eta kontratazioa deskarbonizazioaren, enplegu duinaren eta balio erantsi industrialaren irizpideekin lotzeko. Printzipio horiek bultzatzea baliabide publikoak itzulkin sozial eta produktibora baldintzatuko dituzten lege-erreformen bidez, sektore estrategikoetan parte-hartze publikoa indartuko dutenak eta Euskal Herriaren protagonismoa bermatuko dutenak Europako subiranotasun ekonomiko eta teknologikoaren eraikuntzan.
  • Elektrifikazioa eta deskarbonizazioa: Industriaren deskarbonizazio eta elektrifikazio lehiakorrerako estrategia bultzatzea, elektrifikazioan, efizientzia energetikoan eta gas fosilaren ordezkapen progresiboan inbertsioak bultzatuz teknikoki bideragarriak diren alternatibekin (elefektrifikazioa lehenetsiz), emisio eta kostu energetikoak murrizteko eta lehiakortasun industriala indartzeko.
  • Europako subiranotasun digitaleko legegintza-estrategia bat bultzatzea Cloud and AI Development Act-en esparruan, eta, horretarako, konputazioko, cloud zerbitzuetako eta adimen artifizialeko azpiegitura publiko eta europarrak sustatzea, herritarren, zerbitzu publikoen eta ekoizpen-sarearen beharrei erantzuteko, batez ere enpresa txiki eta ertainei eta industriari. Datu-zentroen hedapena energia- eta lurralde-jasangarritasuneko irizpideetara, baliabideen erabileraren eraginkortasunera eta tokiko garapen ekonomikoari laguntzera baldintzatzea, datuen kontrol demokratikoa bermatuz eta korporazio teknologiko handiekiko mendekotasuna murriztuz.
  • Ekonomia sozialaren garapena bultzatzea berrindustrializazio ekosozialeko eredu estrategiko gisa, Euskal Herriko esperientzia kooperatiboa eta bere nazioarteko proiekzioa erreferentziatzat hartuta. Lege-erreformak eta politika publikoak sustatzea, industria-kooperatibak sortzea, finkatzea eta haztea errazteko, langileek enpresen jabetzan eta kudeaketan parte hartzea sustatzeko, eta krisian dauden enpresak jabetza kolektiboko formulen bidez berreskuratzea errazteko. Era berean, finantzaketarako, berrikuntzarako eta enpresen akonpainamendurako tresna publikoak indartzea, eredu hori hedatzeko, industriaren lehiakortasuna demokrazia ekonomikoarekin, lurralde-errotzearekin eta sortutako balioaren banaketa sozialarekin lotuz.

1.9.3 LEHEN SEKTOREA, LANDA EREMUA ETA LURRALDEA

  • Elikadura burujabetza eta NPBri buruz erabakitzeko gaitasuna: Nekazaritza Politika Bateratua kudeatzeko eta erabakitzeko gaitasun handiagoa bultzatzea, bere birnazionalizaziorantz eta lurraldetasunerantz aurrera eginez, Euskal Herriak Europako markoaren barruan nekazaritza politika propioa diseinatu eta garatu ahal izan dezan, ekoizleen interes estrategikoei lehentasuna emanez eta nekazaritzako elikagaien sistema erresilientea, iraunkorra eta etorkizunera begira dagoena eraikiz.
  • Arrantza-subiranotasuna eta Arrantza Politika Bateratuari buruzko erabakiak hartzeko gaitasuna: Arrantza Politika Bateratuaren deszentralizazio eta erregionalizazio handiagoa bultzatzea, arrantza-komunitate eta eskualdeen kudeaketa eta erabaki ahalmena indartuz, Euskal Herriak Europako esparruan arrantza-politika propioa garatu ahal izan dezan, bere flota eta itsasertzaren ezaugarrietara egokituta, itsas baliabideen iraunkortasuna, sektorearen bideragarritasun ekonomikoa, belaunaldi-erreleboa eta arrantza-komunitateen mantenua bermatuko dituena.
  • Elikadura eskubide gisa eta bidezko prezioak: Elikadura osasuntsu eta kalitatezkoa izateko eskubide unibertsala bermatuko duen eredu baterantz aurrera egitea, ekoizleentzat prezio bidezkoak eta kontsumitzaileentzat prezio eskuragarriak ziurtatuz. Elikagaien Gizarte Segurantza bezalako tresnak bultzatzea eta nekazaritzaren eta arrantzaren izaera soziala indartzea, eskubide hori bermatzeko ezinbesteko jarduerak baitira.
  • Elikagaien erosketa publiko iraunkorra eta hurbilekoa: Elikagaien kontratazio publikoa ahalbidetuko duen legedia indartzea, eskola-jantokietan, ospitaleetan, egoitzetan eta beste zerbitzu publiko batzuetan produktu osasungarriak, jasangarriak eta hurbilekoak eskuratzeko helburuen bidez, erosketa publikoa landa-garapenerako, ingurumen-jasangarritasunerako eta tokiko ekoizpen-sektorea indartzeko tresna gisa erabiliz.
  • Elikadura-katearen erregulazioa eta balio-banaketa: Elikadura Katearen Legearen potentzialtasun osoa, ikuskapen-mekanismoak eta kontrol-sistemak garatzea, jatorrian bidezko prezioak bermatzeko eta abusuzko merkataritza-jarduerak saihesteko. Elikadura Katearen Behatokia garatzea, prezioen jarraipena egiteko eta ekoizpenaren, eraldaketaren, banaketaren eta kontsumoaren arteko balio-banaketaren gardentasunerako tresna eraginkorra den aldetik.
  • Ekoizpen ekologikoari eta birsortzaileari bultzada ematea: Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikora bideratutako azalera zabaltzea eta ekoizpen ekologikoa eta lurzoruaren birsortze-jarduerak uztartzen dituzten ustiategietarako EKOBIRSORTZAILEA aintzatespen-zigilua ezartzea.

1.9.4 MUGIKORTASUNA ETA GARRAIOA

  • Mugikortasunaren arloko eskumen osoak: trenbide-, aireportu- eta portu-eskumenen transferentzia osoa eta eraginkorra EAEra eta Nafarroara. Eskumen guztien eskualdatzea bultzatzea.
  • Trenbide-sarea berritzea: AHTari alternatiba eskain dakiokeen korridoreetan trenbideak berritzearen alde egitea (batez ere Nafarroako korridoreari eta EAEk Burgosekin duen loturari). Alternatiba garatzea “plataforma bat, hiru zerbitzu” printzipioan oinarrituta, non abiadura handiko (200 km/h) distantzia ertain eta luzeko zerbitzu batez gain, kalitatezko aldiriko zerbitzua eta salgaiak garraiatzeko aukera bermatuko diren.
  • Aldiriak, Distantzia Ertaina eta Ipar Euskal Herriarekiko loturak indartzea: “Tren gehiago eguneroko mugikortasunerako”. Aldiriko eta Distantzia Ertaineko sareak indartzea, azpiegiturak hobetuz, maiztasunak handitu ahal izateko eta zerbitzuak hobetzeko, horrekin batera, Ipar Euskal Herriarekiko loturak bultzatuz.
  • Ibilgailu elektrikoen laguntza progresiboak eta leasing soziala: Mugikortasun elektrikorako laguntzak berrorientatzea errenta irizpideen eta ibilgailu elektriko puruetarako leasing sozialeko programen bidez (BEV) etxe zaurgarrietan, ibilgailu hibridoentzako diru-laguntzak ezabatuz.
  • Salgaiak trenera eramatea: Salgaiak errepidetik trenbidera eramateko helburu handinahiak finkatzea.
  • Estatuaren finantzaketa garraio publikorako deskontu-politiketarako: Estatuaren titulartasuneko mugikortasun-zerbitzuak dauden bitartean, garraio publikoaren hobarirako Estatuaren ekarpenak gure erakundeetatik kudeatu ahal izatea bermatzea, deskontuak eta laguntzak Euskal Herriko errealitatera egokitzeko.
  • Garraioko interoperabilitatea eta tarifa-sistema propioen aintzatespena: Estatuaren titulartasuneko garraio-zerbitzuen eta Euskal Herriko tarifa- eta txartel-sistemen arteko interoperabilitate osoa bermatzea, gure erakundeei aukera emanez zerbitzu horiek beren deskontu-ereduetan, garraio-tituluetan eta mugikortasun-politiketan txertatzeko.

1.9.5 BIRGAITZE ENERGETIKOA ETA ERAIKUNTZA

  • Birgaikuntzarako finantzaketa: Finantzaketa aurreratuko mekanismoak eta diru-laguntza progresiboak ezartzea, pertsona zaurgarrienentzat % 100era irits daitezkeenak errenta-mailaren arabera, etxebizitzen birgaitze energetiko sakonerako.
  • Eraikinen elektrifikazio termikoa eta bero-olatuen aurkako babesa: Erregai fosilen galdarak eraginkortasun handiko alternatiba elektrikoekin ordezteko laguntza espezifikoak ematea, hala nola bero-ponpekin (aerotermia eta geotermia), isolamenduaren hobekuntzekin konbinatuta. Hozte elektrikoko sistemen instalazioa ere sartzen da programetan, bereziki eraikin publikoetan eta etxe kalteberetan.
  • Alokairuaren eta etxebizitza eskubidearen babesa: Birgaitzerako diru-laguntza publikoak maizterren iraunkortasun konpromisoen eta alokairuaren prezioaren mugen arabera baldintzatzea, gehiegizko igoerak edo zeharkako etxegabetzeak saihesteko.

1.9.6 FISKALITATEA ETA TRANTSIZIO EKOSOZIALAREN FINANTZAKETA.

  • Ezohiko mozkinen harrapaketa: Energia korporazio handien ezohiko mozkinak edo windfall profits deiturikoak, bai elektrizitatearen prezio altuei lotutakoak, bai sektore fosileko aparteko marjinak, grabatzen dituen mekanismo iraunkor bat artikulatzea.
  • Erregai fosilentzako diru-laguntzen amaiera: Erregai fosilentzako diru-laguntza zuzenak eta zeharkakoak kentzea, hidrokarburoen zerga berezia parekatzetik abiazioko kerosenoaren salbuespena ezabatzeraino.
  • Elektrifikazioaren aldeko fiskalitatea: Energia-fiskalitatearen berrikuspen osoa, erregai fosilen zergapetzeak ez dezan orain arteko abantaila izan elektrifikazioaren kaltetan.
  • Aire-mugikortasunaren tributazioa: Hegaldi pribatuei zerga berezi bat ezartzea eta hegazkin-txartelei tasazio finalista bat ezartzea, erregai alternatiboak sustatzeko, e-SAFa kasu.
  • Foru Ogasunekiko eta zerga itunketekiko errespetua: Estatu mailan sustatzen den ingurumenari buruzko edozein irudi edo aldaketa fiskal aldez aurretik EAEko Kontzertu Ekonomikoarekin eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoarekin kontzertatzeko mekanismoen menpe jartzea.
1.10 Feminismoa

Bizitzen ari garen oldarraldi erreakzionarioaren tentazio nagusietako bat, emakumeok irabazitako eskubideen aurkakotasuna artikulatzea izaten ari da. Urteetan egindako lanaren ondorio izan dira irabazitako oinarrizko eskubideak eta, ezinbestekoa da aurreratutakoaren aldeko defentsa zein blindajea bermatzea. Horretarako hainbat neurri proposatzen ditugu:

  • Abortatzeko eskubidea blindatzea. Horretarako, pausoak emango ditugu eta aborturako sarbide libre, seguru, konfidentzial eta duina bermatzeko beharrezko neurri guztiak proposatuko ditugu.
  • Abortua eskuratzerako orduan emakumeek jasaten duten jazarpenaren aurkako babes-neurrietan aurrera egitea. Bereziki, babes-neurri zehatzak defendatuko ditugu haurdunaldia borondatez eteten duten osasun-zentroen inguruan, hala nola babes-perimetroak, prebentzio-protokoloak eta balizko hertsapenei, jazarpenari edo larderiei buruzko datuak biltzea.
  • Herritarrak oro har sentsibilizatzeko kanpainak bultzatzea. Horretarako, emakumeen aurkako indarkeria normalizatzen duten eduki sexualeko arriskuez ohartaraztea lehenetsiko dugu.
  • Eremu digitalean sexu-indarkeriak prebenitzea, baliabide teknologikoen bidez sexu-indarkeriako ekintzak zabaltzea barne. Arreta berezia jarriko da administrazio publikoek eta sektore pribatuko erakundeek hizkera irisgarria, inklusiboa, ez-sexista, genero-ikuspegikoa eta adingabeei zuzendutako komunikazioetan egokitua erabil dezaten.
  • Indarkeria bikarioa aitortzeko eta zigortzeko bidean aurrera egitea. Horrela, kausak eta ondorioak identifikatu eta honi aurre egiteko prebentzio- eta konponketa-neurriak garatuko ditugu.
  • Indarkeria matxista ukatzen eta normalizatzen duten diskurtso antifeministei eta diskurtsoei aurre egitea.
  • Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak babesteko eta jasan duten kaltea erreparatzeko gaur egun dauden baliabideak eta sistemak aztertzea eta berrikustea.

1.10.1 LGTBIK+

LGBTIK+ pertsonen sexu- eta genero-identitatea aitortzearen alde borrokatuko gara, eta ez dugu atzerapausorik onartuko eskuratutako eskubideetan, bereziki Trans pertsonen despatologizazioan. Horretarako, hurrengo neurriak proposatzen ditugu:

  • Konbertsio-terapiak debekatzea; izan ere, terapia horiek, besteak beste, diskriminaziorik eza, osasuna, nortasun pertsonala, osotasun fisiko eta psikologikoa eta torturapean ez egoteko eskubidea urratzen dituzte.
  • LGTBIK+fobiaren aurkako eta kolektiboaren eskubideen aldeko borrokarekin jarraitzea.
  • Prebentzio-neurriak hartzea eta LGTBIK+ kolektiboarekiko gorroto-delituen ikerketa indartzea. Arreta berezia jarriko da sare sozial eta plataforma digitaletan.
  • STI eta GIBak prebenitzeko kanpainak indartzea, batez ere hezkuntzaren eta aisialdiaren eremuan.
  • Transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 50. artikuluaren edukia garatzea, zeinak atzerritarrei emandako agiriak egokitzeari buruzko neurriak aurreikusten dituen.
1.11 Migrazioa

Euskal Herria Bilduk proposatutako neurri guztiek printzipio gidari izango dituzte ikuspegi feminista eta intersekzionala, giza eskubideen ikuspegia eta haurren interes gorena lehenetsiko duen irizpidea. Horrela, neurri horien diseinuak, garapenak eta aplikazioak desberdintasunak eta diskriminazio anizkoitzak ezabatzen lagunduko dutela bermatuko da, baita pertsona guztiek beren eskubideak benetan baliatu ahal izango dituztela ere.

  • Erregularizazioa eta Atzerritartasun Lege berria: Erregularizazio eraginkorra, irisgarria eta egonkorra bermatzea. Bizileku- eta lan-baimenak ematea eta gerora sortutako irregulartasuna prebenitzea. Giza eskubideetan oinarritutako atzerritartasun-legeria berri baterantz aurrera egitea.
  • Asilo-eskubidea bermatzea eta eskubideak urratzen dituzten migrazio-politikekin amaitzea: Migrazioa eta Asiloari buruzko Europako Itunaren xedapen murriztaileak, prozedurarik gabeko itzulketak, mugen kontrola hirugarren herrialdeen esku uztea eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak (CIE) baztertzea, eta pertsona bakoitzaren egoera banaka aztertuko duten prozedurak bermatzea, berme juridiko guztiekin.
  • Harrerarako eta zerbitzu publikoetarako eskubide unibertsala: Harrera integraleko sistema publiko bat bermatzea, laguntza sozial, juridiko eta laboralarekin, tituluen homologazioarekin, erroldarako sarbide eraginkorrarekin eta osasunera, hezkuntzara, etxebizitzara eta babes sozialera iristeko oztopoak ezabatzearekin, egoera administratiboa edozein dela ere.
  • Arrazakeria instituzionalaren eta egiturazkoaren aurkako borroka integrala: Arrazakeria instituzionala, lan-arlokoa, higiezinen merkatukoa eta poliziala prebenitzeko, salatzeko eta zigortzeko neurriak indartzea, eta horretarako gainbegiratze-mekanismo independenteak eta kaltetutako pertsonentzako erreparazio- eta babes-mekanismoak ezartzea.
  • Herritartasun osoa eta eskubide politikoen aitortza: Atzerritar jatorriko egoiliarren boto-eskubidea eta ordezkaritza politikorako eskubidea zabaltzeko beharrezko erreformak bultzatzea, benetako bizilekuan eta parte-hartze demokratikoan oinarritutako herritartasun-eredu baterantz aurrera eginez.
  • Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko atzerritartasun-bulegoei giza baliabide nahikoak ematea eskatzaileen eskubideak ez urratzeko.
  • Euskal harrera-eredu propioa garatzea ahalbidetzen diguten migrazio-eskumenen transferentzia integrala.
1.12 Inteligentzia artifiziala eta digitalizazioa

Digitalizazioaren eta Adimen Artifizialaren garapenak eraldaketa sakonak eragiten ari da teknologiaren, ekonomiaren eta gizartearen esparru guztietan. Digitalizazioan, konektibitatean, ikerkuntzan eta AAren garapena sustatzeko inbertsio publikoan aurrerapausoak eman diren arren, ahulgune nabarmenak daude oraindik: gaitasun teknologiko propioak garatzeko beharra, enpresa txiki eta ertainen digitalizazio-maila mugatua, zerbitzu publikoen eraldaketa digitalaren eraginkortasuna hobetzeko premia, talentu teknologikoaren eskasia eta kanpoko hornitzaile teknologikoekiko mendekotasun handia. AAren arloan, bereziki, azpiegitura, datuen gobernantza, konputazio-ahalmen eta eredu propioak garatzea erronka estrategikoa da.

Baina erronka ez da teknologikoa soilik: politikoa, ekonomikoa, soziala eta demokratikoa ere bada. AAren garapena enpresa teknologiko handien botere-kontzentrazioaren eta lehia geopolitikoaren testuinguruan gertatzen ari da. Arriskua da baliabide publikoekin garatutako aurrerapenek ezagutza eta aberastasuna gutxi batzuen esku uztea, mendekotasun teknologikoa areagotzea eta desberdintasunak sakontzea. Horregatik, AA pertsonen eskubideen, langileen interesen, ingurumenaren eta interes orokorraren zerbitzura jarri behar da, kontrol demokratikoa eta onuren banaketa bidezkoa bermatuz. Europak ere burujabetza digitala eta autonomia estrategikoa aldarrikatzen ditu; gure erronka da asmo horiek benetako gaitasun propio bihurtzea.

Honengatik guztiagatik, hurrengo ekimen estrategikoak proposatzen ditugu:

  • AAren gobernantza demokratikoa eta kontrol publikoa. AAren garapena eta erabilera interes publikoaren zerbitzura jartzea. Europako AAren Araudia (AI Act) erreferentziatzat hartuta, erabaki automatizatuetan gardentasuna, azalgarritasuna, auditoretza eta herritarren eskubideen babesa bermatzea.
  • Burujabetza digitala indartzea, azpiegitura teknologiko propioak, datuen gobernantza eta konputazio-ahalmena garatu. Superkonputazioaren Europako sarean (EuroHPC) etorkizuneko AAren gigafaktorien proiektuetan Euskal Herriko eragile teknologiko eta zientifikoen parte-hartzea sustatzea. Talentua erakartzea, prestatzea eta bertan atxikitzea. Software librea, kode irekia eta estandar irekiak lehenestea, Europako burujabetza digitalaren eta teknologia irekiaren ildotik, kanpoko hornitzaileekiko mendekotasuna murrizteko.
  • Enplegua, aberastasunaren banaketa eta justizia soziala. AAk lan-munduan ekarriko dituen eraldaketei aurrea hartzea, langileen eskubideak eta lan-baldintza duinak bermatuz. AAren eta automatizazioaren bidez sortutakoa gizarte osoaren mesedetan jartzea. AAren onurak baliatuz, soldata murriztu gabe lanaldi murrizketa sustatzea. Europako gaitasun digitalen estrategiarekin bat eginez, prestakuntza eta birziklatze profesionala sustatzea.
  • AA etikoa, diskriminaziorik gabea, feminista eta segurua garatzea. Giza eskubideak, genero-berdintasuna, gardentasuna, datuen babesa eta zibersegurtasuna bermatuz, arriskuak eta erabilera kaltegarriak saihestuz. AAren diseinuan, garapenean eta erabaki-guneetan emakumeen presentzia eta parte-hartze eraginkorra sustatu, haren onurak gizarte osoaren mesedetan jarriz.
  • Herritarren ahalduntze digitala. Herritar guztien ahalduntze digitala eta AAri buruzko ezagutza sustatzea, gaitasun kritikoa eta erabilera arduratsua indartuz. Europako gaitasun digitalen esparrua erreferentziatzat hartuta, hezkuntzan eta gizarte osoan prestakuntza eskaintzea.
  • Hizkuntza-teknologiak eta euskarazko AA: Euskarazko hizkuntza-ereduak, datu-multzoak, ahots-teknologiak eta itzulpen automatikoko sistemak garatzeko estatu-mailako finantzaketa eta baliabide espezifikoak bermatzea. Euskara eta gainerako hizkuntza ofizialak AAren garapenean berdintasunez txertatzea, Europako hizkuntza-aniztasuna babesteko politikekin bat eginez.
  • Ingurumen-jasangarritasuna eta AA berdea. AAren ingurumen-inpaktua murriztea, algoritmo berdeak eta baliabideen erabilera arduratsua sustatuz. Europako Itun Berdearen helburuekin bat eginez, datu-zentroen energia- eta ur-kontsumoa eta kokapena kontuan hartzea, azpiegitura proportzionalak eta jasangarriak lehenesteko.
  • Ingurune digitaletan adingabeak babesteko neurriak, hala nola: adingabeentzako profiletan oinarritutako gomendio algoritmikoa berez desaktibatzea, genero-ikuspegia kontuan hartutzea eta denbora-mugak eta mendekotasunik gabeko jakinarazpenen disenu etikorako aukerak eskaintzea.
1.13 Adierazpen askatasuna

Eskubideak eta askatasunak murrizteko mehatxu erreakzionarioaren aurrean, lortutakoa blindatzeko lan egingo dugu, atzerapausorik onartu gabe, eta herritarren askatasun indibidual eta kolektiboak ukatzea dakarten eta oraindik indarrean dauden arauen amaieran aurrera egiteko. Horregatik guztiagatik, honako hauek proposatuko ditugu:

  • Mozal legearekin amaitzea. Duela bi urte EH Bilduk adierazpen askatasunaren eta herritarren oinarrizko eskubide eta askatasunen aurkako artikulu guztiekin amaitzeko lortu zuen akordioan oinarritutako Herritarren Askatasuna eta Segurtasuna Babesteko Lege Proposamena berriro aurkeztuko dugu. Aurkeztutako lege proposamena gehiengoz izapidetzeko onartu ondoren, hainbat taldek blokeatu dute tramitatzen zegoen bitartean. Lortutako akordioak aurreko legegintzaldian egiteke geratu ziren lau gai eta neurri nagusiak jasotzen zituen:
    • Gomazko piloten erabilerarekin amaitzea. Hain kaltegarriak ez diren bitartekoekin ordezkatzea eta jarduteko protokolo espezifikoak ezartzea proposatzen dugu. Protokoloek herritarrentzat kalte gutxien eragiten duten bitartekoak eta jarduerak erabiltzeko jarraibideak jaso beharko dituzte, eta lesio konponezinak eragiten dituzten materialak erabiltzea saihestu beharko dute.
    • Justifikaziorik gabeko edo polizia-interpretazio subjektiboetan oinarritutako zehapenekin amaitzea. Horretarako, adierazpen-askatasuna blindatzea eta, salatuak atzera eginez gero, ezereztea.
    • Irizpide objektiboak ezartzen dira desobeditze-akusazioetarako, larria izatetik arina izatera pasatzen da. Irizpide horiek legezkotasunera edo ordenamendu juridikora egokituta dagoenean bakarrik zehatu ahal izango dira, eta errekerimendu eta zehapenei buruzko diskrezionalitate poliziala eragotziko da.
    • Atzerritarrei buruzko Legea aldatzea, giza eskubideen eta nazioarteko babesaren irizpideak aplikatzeko. Horretarako, nazioarteko eskubide humanitarioarekin bat datozen nazioarteko babes-eskaerak eskuratu eta ebaluatzea ezartzen da.
  • Adierazpen eta iritzi askatasuna murrizten duten delituak zigor kodetik ezabatzea proposatuko dugu. Horregatik, honako artikulu hauek despenalizatzea proposatuko dugu: koroari eta estatuko erakundeei egindako kritikei buruzkoak, hala nola gobernuei edo segurtasun-indarrei buruzkoak; erlijio-sentimenduei egindako kritika zigortzen eta gaitzesten dutenak, erlijioaren aurrean zentsura ideologikoa babesten dutenak; terrorismoa goratzeari buruzko artikuluak, zeinak, adierazpen artistikoak, umoretsuak edo kritika politikoak kriminalizatzea dakarren. Izan ere, azken hauek interpretazio zabal eta subjektiboa ahalbidetzen dute.
  • “Gorroto-diskurtsoa”ren kontzeptua mugatzea, kolektibo kalteberak, diskriminatuak edo gizarte-sektoreak babesteko helburua bete dezan, baldin eta kolektibo horiek beren gizarte-, sexu-, ideologia-, erlijio-, jatorri- edo arraza-egoeragatik gorrotoa jasotzen badute. Izan ere, diskriminatu gabeko sektoreek edo estatuko erakundeek disidentzia politikoa edo ideologikoa jazartzeko erabiltzen duten figura horri buruzko instrumentalizazioa saihestu nahi da.
  • Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko Legearen erreforma bultzatzea, diru publikoa herritarrek egiazko informazio plurala jasotzeko duten eskubidearen zerbitzura egongo dela bermatzeko, eta ez interes politiko edo ekonomikoen zerbitzura. Horretarako, informazio-desinformazioko eta -manipulazioko praktika egiaztatuak finantzatzea eragotziko dugu, bai eta plataforma digitalen eta haien algoritmoen gaineko gardentasuna eta kontrola exijitu, eta baliabide publikoen banaketa gardena, objektiboa eta diskriminaziorik gabea ziurtatu ere. Aniztasun mediatikoa babestuko da eta batez ere euskaraz, katalanez eta galegoz informatzen duten hedabideen inklusioa bermatuko da.

2. Euskal Herriaren nazio aitortza eta autogobernua

Sarrera

Espainiako Estatuak ez zuen inoiz hausturarik izan diktaduratik jasotako hipotekekin. Garai demokratiko bat lortzeko beharrezkoa zen biziberritzea ez zen inoiz gertatu eta, ondorioz, oraindik ere egiteke dago benetako demokratizazioa, plurinazionaltasunaren, justizia sozialaren eta birsorkuntza demokratikoaren bideak irekiko dituena.

Trantsizio deiturikoa ez zen diktadura frankistarekiko haustura erreala eta demokratikoa izan, baizik eta Espainiaren batasun zatiezina, Euskal Herria bezalako estatuaren nazioen ukazioa eta klase-desberdintasuna iraunaraziko zuen eredu kapitalista eta neoliberalaren indartzea. Zutabe horiek guztiak Espainiako Estatuaren sistema politiko, instituzional eta sozialaren zutabeak dira gaur egun ere. Arkitektura antidemokratiko hori guztia 78ko erregimen gisa definitzen dugu.

Hainbat hamarkadatan Espainiako alderdi eta gobernuek sostengatutako erregimena da, euskal independentismoaren eta disidentzia politikoaren aurka bere egiturak eta aparatuak, hala nola judiziala edo poliziala, baliatu dituena; gaur egun, bloke erreakzionarioaren zerbitzura dagoena; sistema ekonomiko neoliberala ezarri zuten klase-pribilegioek eliteek klase herrikoi eta langileekiko dituzten pribilegioak blindatzen jarraitzen duena; Espainiako alderdi eta gobernu ezberdinak usteldu dituen egiturazko eta berezko ustelkeria sostengatzen duena; frankismoaren oinordeko zuzena den monarkia ere sostengatzen duena;

Honengatik guztiagatik, beharrezkoa da demokratizazio sakon bat, nazio eta klase gisa oraindik pairatzen ditugun inposaketekin amaituko duena. Ziklo historiko berri bati ateak ireki, non gure herriaren eta gizartearen eskubide nazional, sozial, linguistiko eta kulturalen errespetuan oinarritutako agertoki berri bat posible izango den.

Aipatutako guztia posible izan dadin, eremu hauetan aurrera egiteko lan egingo dugu:

2.1 Euskal Herriaren nazio aitortza eta plurinazionalitatea

Estatuaren izaera plurinazionala benetan aitor dadin lortzea. Horrek honako hauek ekarri beharko ditu:

  • Euskal Herria nazio gisa errespetatzea eta aitortzea, bai eta gaur egun Espainiako estatua osatzen duten gainontzeko nazioak ere.
  • Euskal Herriaren eta estatuaren arteko gatazkaren izaera politikoa aitortzea eta, ondorioz, gatazka horri irtenbide politiko eta demokratikoa emateko konpromisoa hartzea.
  • Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortzea, konponbide horretarako mekanismo demokratiko eta legitimo gisa, euskal herritar aske eta demokratikoki adieraziaren borondatean eta erabakian oinarrituta.
  • Edozein eremutan euskal erakundeetatik datozen akordio, proposamen eta arauak errespetatzeko konpromisoa, gure erakundeen legitimitatea eta erabakitzeko ahalmena errespetatuz, eta Estatuko erakundeek egiten dituzten esku-sartzeak saihestuz.
  • Estatuarekiko/estatus berriekiko harreman-esparru berriei buruzko akordioak errespetatzea, akordio zabalen bidez eta euskal gizarteak berresten dituenean.
2.2 Autogobernua
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuan eta Nafarroako Hobekuntzan jasotako eskumen guztiak transferitzea eskatuko dugu, 40 urte baino gehiago igaro ondoren.
  • Eskumen oso eta tresna berriak hartzea proposatuko dugu, gure autogobernu-gaitasunak zabaltzeko, gure herriaren eta gizartearen errealitateetara eta beharretara egokitutako politika propioak erabaki, diseinatu eta garatu ahal izateko:
    • Migrazioa
    • Gizarte Segurantza
    • Babes soziala eta langabezia
    • Portuak eta aireportuak
    • Energia
    • Lan Harremanen EAEko eta Nafarroako Esparrua
  • Era berean, autogobernua eta horri lotutako gaitasun eta eskumen guztiak defendatuko ditugu, birzentralizatzeko edo atzera egiteko edozein saiakeraren gainetik:
    • Gobernuak, Kongresuak edo Senatuak proposa dezakeen ezein arauk eskumenen gatazkarik ekar ez dezan zainduko dugu. Horretarako, kasuz kasu lan egingo dugu balizko gatazkak zuzendu eta ezabatzeko.
    • Gure tresna eta/edo eskumenen osagarri den edozein figura, lege edo neurri berri euskal erakundeek transferitu eta beren gain har dezaten lan egingo dugu, gure gaitasunak eta autogobernua zabaltzeko.
2.3 Euskal kontzertu ekonomikoa eta Nafarroako hitzarmen ekonomikoa

Tresna horiek gure gizarte-ongizatearen eta ekonomia-, zerga- eta finantza-autogobernuaren zutabeetako bat direla defendatuko dugu. Era berean, tresna horiek zabaltzeko lan egingo dugu, gaitasun berriak emanez eta, gainera, Kupoa eta Ekarpena negoziatzeko eta kalkulatzeko eredu berri bat adostuz, euskal gizartearen interesei kalte egiten dien egungo desberdintasun-egoerarekin amaitzeko.

2.4 Euskara

Euskal herritarren hizkuntza-eskubideak eremu guztietan errespeta eta berma daitezen lan egingo dugu, estatuko egitura eta administrazio desberdinek mantentzen duten bazterkeria eta diskriminazioarekin amaituz. Horretarako, beharrezkoa izango da:

  • Estatuko administrazio guztietan euskararen arreta eta erabilera bermatzea, euskal herritarrek elkarri eragiteko eta gure hizkuntzan arreta jasotzeko duten eskubidea bermatuz, bai aurrez aurre, bai telematikoki edo telefonoz. Horretarako, Estatuko administrazioaren funtzionamendurako, aukeraketarako eta sarbiderako irizpideak ezartzen dituzten legeak aldatu beharko dira, gainerako talde subiranistekin batera aurkezten dugun eta, kontuan hartu arren, legegintzaldiaren amaiera aurreratuagatik izapidetzean bertan behera geratu zen Lege Proposamenaren bidez.
  • Eremu digitalean eta ikus-entzunezkoetan euskara zabaltzeko neurriak sustatuko ditugu, eduki digitaleko plataformek euskarazko ikus-entzunezko edukiak ekoizteko eta kontsumitzeko helburu berriak lortzeko.
  • Estatuko nazioetako hizkuntza guztiek, hala nola, katalanak, galegoak, asturierak edo aragoierak, merezi duten aintzatespena eta errespetua izan dezaten elkarrekin egin ahal diren ahaleginak babestuko ditugu.
  • Lanean jarraituko dugu euskararen, katalanaren eta galegoaren ofizialtasuna lortzeko Europar Batasunean eta bertako erakundeetan, gure hizkuntza Europako gainerako hizkuntzen baldintza berdinetan bizi dadin.
2.5 Kultura eta ikus entzunezko produkzioa

Gure kultura eta sorkuntza herri gisa defendatuko ditugu, ikus-entzunezkoen, musikaren eta sormenaren kontsumoa hedatzen ari den garaiotan, euskarazko sorkuntzak, edozein esparrutan, ez daitezen diskriminatuak edo baztertuak izan edukien uniformizazioaren aurrean. Euskal ekoizpenak gizarte osora irits daitezen, euskal kultura sostengatu, lagundu eta sustatuko ditugu. Horretarako:

  • Euskaraz edota gaztelania ez diren gainontzeko hizkuntzetan ekoiztutako produkzioei laguntzak legez blindatzea.
  • Zinematografia Babesteko Funtsaren aurrekontuaren % 15, gutxienez, gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialetako proiektuetarako erabiltzea, euskarazko zinemaren finantzaketa eta garapena ziurtatzeko.
  • Ekoizpen independentearen defentsan, "ekoizle independentearen" definizioa zorrotz mugatzea. Honen helburua izango da komunikazio-talde handiek eta streaming plataformek jatorrian gure herrialdean gehiengoa diren ekoizle txiki eta ertainen ehunera bideratutako laguntza publikoak xurgatu ez ditzatela.
  • Aniztasunerako kuota-erreserbak, emakumeek, gazteek edo gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialetan sortutako proiektuetarako laguntzen gutxieneko ehunekoak ezarriz, eta emakumeek zuzendutako filmetarako erreserbak handituz.
2.6 Euskal Herriko Selekzioak

Egungo legedia aldatzea proposatuko dugu, gure selekzioak, euskal selekzioak, edozein esparru eta diziplinatan lehiatu ahal izatea eragozten duena, nazioarteko gainontzeko selekzioen baldintza berdinetan, eta gure herrialdea, Euskal Herria, osatzen duten zazpi lurraldeetako kirolarien parte-hartzearekin.

Era berean, Espainiako selekzioetan parte hartu nahi ez duten kirolariei aplikatzen zaien zehapen-araubidea ezabatzeko lan egingo dugu, eta inposaketa eta mehatxu onartezinak izango dira euskal kirolarientzat.

3. Bakea eta elkarbizitza

3.1 Elkarbizitza eta memoria demokratikoa

Bakearen, erreparazioaren eta bizikidetzaren bideak herritarren, erakundeen eta gure herriko indar politiko guztien ahalegina eta inplikazioa eskatzen du. EH Bilduk konpromisoa hartu du ekarpenak egiten jarraitzeko, euskal gizartearen eskutik bizikidetza eraikitzeko prozesuan aurrera egiteko.

Euskal gizarteak konpromiso sendoa du biktima guztien, sufrimendu eta bizipen guztien errespetuan eta aitortzan oinarritutako memoria inklusiboa lortzeko, biktima guztien eskubideak salbuespenik gabe zainduko dituena.

Bide partekatu hori egiteko eta euskal herritarrek nahi duten oraina eta etorkizuna bakean eraikitzeko enpatia, sentsibilitate eta erantzukizun handia behar dira.

Horretarako, erabaki ausartak hartu eta urrats berriak eman behar dira, bake eta bizikidetzako jokaleku berrian oinarrituko gaituztenak.

Aurrera egiten jarraitzeko, honako neurri hauek proposatuko ditugu:

  • Memoria Demokratikoaren Legea zabaltzea, oraindik errekonozimendu hori ez duten kolektiboei giza eskubideen urraketen biktima direla aitortzeko: frankismoaren, torturaren, gerra zikinaren edo ultraeskuindarren biktimei, esaterako. Izan ere, horrela bermatuko litzake egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea berme osoz eskuratu ahal izango dutela. Neurri honen helburua da Espainiako Estatua ere biktima guztien errekonozimenduaren eta erreparazioaren bidetik joatea, dagoeneko martxan baitago gure herrialdean eta gure erakundeetan.
  • Frankismotik indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea, gardentasuna, irisgarritasuna, informazioa eta babesa bermatuko dituen legeria bat ziurtatzeko, oraindik ere zigorgabe jarraitzen duten eta gure historia markatu zuten gertakari ilun guztiei dagokienez. Honen adibide dira, Mikel Zabalza eta Germán Rodríguezen heriotza edo Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia. Oraindik ez dira argitu, eta, aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ere ez da erantzukizunik hartu, ezta biktimen errekonozimendu eraginkorrik ere.
  • Espetxe-legedi arrunta preso guztiei aplikatzen zaiela bermatzea eta arlo horretako salbuespen-neurri guztiei amaiera ematea. Espetxe-erabakiak modu indibidualizatuan hartu beharko dira, legeak ezarritako betekizunen eta bermeen arabera.
  • Giza eskubideen urraketetan inplikatuta dauden Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako agenteei kondekorazioak kentzea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen atzera egitea bultzatzea. Horretarako beharrezkoa izango da bi erkidegoek herritarren segurtasunaren eta ordena publikoaren arloan dituzten eskumenak errespetatzea eta erabat garatzea, eta Ertzaintzaren eta Foruzaingoaren izaera integralarekin bat etortzea.
3.2 Bakea

3.2.1 HERRIEN ALDE, INJERENTZIEN KONTRA.

Herrien subiranotasuna defendatuko dugu kanpoko esku-sartzeen aurrean, munduko potentzia ezberdinak munduko hegemonia ekonomikoa eta eragin geopolitikoa lortzeko borrokaren testuinguruan hartzen ari diren forma ezberdinak baztertuz.

3.2.2 BAKEAREN ALDE, GERRAREN KONTRA.

Gatazkak konpontzeko tresnarik onena elkarrizketa, diplomazia eta akordioa dira. Horregatik, bake eta elkarrizketa prozesuak babestuko ditugu esku-hartze eta eskalada militarren aurrean. Beraz, armak bidaltzeari eta horientzako finantzaketari uko egingo diegu, gatazka horietatik eratorritako gerrak gogortu baino ez baitituzte egingo. Era berean, NATOk defentsarako eskatzen duen gastua handitzeari uko egingo diogu.

3.2.3 EUROPAR SEGURTASUNA, SEGURTASUN ZATIEZINA.

Europak segurtasun integraleko proiektu bat behar du, Estatu Batuen mende egon ezin daitekeena, eta elkarrizketaren eta diplomaziaren alde egin behar du. Ildo horretan, orain arteko bakearen eta segurtasunaren arkitektura berrikustea aldarrikatuko dugu: Helsinkiko Akordioak, Genevako Konbentzioak, Vienako Protokoloa, ESLA… Segurtasun zatiezinaren printzipioa ere aldarrikatuko dugu, Europako segurtasuna ezin baita eraiki beste batzuen segurtasunaren kaltetan.

3.2.4 NATORI EZ

NATOri eta Euskal Herriaren parte izateari uko egiten diogu, euskal gizarteak 1986ko erreferendumean emandako botoarekin hartutako erabakia berretsiz. Horregatik, erakunde horrekiko eta AEBekiko egungo mendekotasun-ereduarekin amaitzearen alde egingo dugu.

Horren aurrean, Europako segurtasun estrategikoko proiektu bat eraikitzearen alde egingo dugu, oinarri hauek izango dituena: diplomazia, nazioarteko zuzenbidearen errespetua, akordioen eta autonomia estrategikoaren errespetua, herri eta nazioekiko eta bakerako eskubidearekiko errespetuzko eredu integral berri bat kontrajarriz, AEBen ikuspegi erasokor, esku-hartzaile eta belikoaren eta aliantza atlantikoaren aurrean.

3.2.5 BASEAK KANPORA, BARDEAK HERRIARENTZAT.

Bardeako tiro-eremua ixtea eta desegitea proposatuko dugu. Balio ekologiko handiko eremu babestua da, eta Espainiako armadak eta NATOk benetako suarekin maniobrak egiteko erabiltzen dute. Horrek istripu ugari eta inguruko herritarrei etengabeko eragozpenak eragin dizkie. Horretarako, birmoldaketa- eta finantzaketa-plan nahikoak proposatuko ditugu, udalerrien etorkizuna bermatzeko.

Era berean, Estatu Batuek Europako 275 base eta instalazio baino gehiago erabiltzea galaraziko dugu, Rota eta Moron barne, AEBk mantentzen dituen gerretarako operazio-gune gisa erabiltzen direnak, baita Europan jardunean dauden 100.000 soldadu estatubatuar baino gehiago ateratzea ere.

3.2.6 ARMAGABETZE NUKLEARRA.

Arma Nuklearren Debekuari buruzko Itunari (TPNW) bultzada eta atxikimendua ematea proposatuko dugu, munduko potentzia nuklearrek arriskua areagotu eta erabiltzeko mehatxuaren aurrean.

3.2.7 GENOZIDIOAREN ETA OKUPAZIOAREN AURREAN, ASKATASUNA PALESTINARENTZAT.

Palestinak Israelen aldetik jasaten duen genozidioa hainbat hamarkadatako okupazioaren, ukazioaren eta herri palestinarraren eskubideen urraketaren ondorioa da. Horregatik, salaketaz haratago, Israelen isolamendu ekonomiko eta politikoa bilatzen duten neurri guztiak hartzea proposatuko dugu: EBak Israelekin duen Adiskidetasun Ituna hautsi eta Israelgo enpresekin edo hiriburuarekin harreman ekonomikoak eta komertzialak amaitu.

Gainera, armen enbargoa gogortzea proposatuko dugu benetako enbargo eraginkor baterako, armen salmenta erabat blokeatuz. Era berean, beharrezkoa izango da Palestinako Estatuaren errekonozimendua, errekonozimendu diplomatikoaz haratago, politika espezifikoz eta eraginkortasun materialez hornitzea.

3.2.8 SAHARAR HERRIAREN ETA AUTODETERMINAZIO-ESKUBIDEAREN ALDE.

Espainiako Gobernuak Sahararekiko duen jarrera aldatzea proposatuko dugu berriro ere, bai eta Saharar Herriaren autodeterminazio eskubidea aitortu, babestu eta errespetatu, baita Marokoren okupazio politika arbuiatu ere. Era berean, sahararren eskubideak zabaldu eta aitortuko dituzten lege-ekimenak bultzatuko ditugu.

3.2.9 KUBAREN ETA BERE HERRIAREN AURKAKO BLOKEOA AMAITZEA.

AEBk Kubari ezartzen dion blokeo energetiko, ekonomiko, komertzial eta finantzarioaren amaiera exijitzeko ekimenak aurkeztuko ditugu, Kubako herriari hainbat hamarkadatan ezarritako zigor eta zigorren amaieraren hasiera gisa. Era berean, Kongresuan eratutako Kubako taldeartea bultzatuko dugu berriro, elkartasuna eta babesa mantentzeko.

3.2.10 MULTILATERALISMOA ETA NAZIOARTEKO ZUZENBIDEA.

Nazioarteko Zuzenbidearen eta multilateralismoaren aldeko jarrerari eutsiko diogu.