Opens in a new tab

2026-11-24

|

Ekitaldiak

Arkaitz Rodriguezek esperantzarako aldarria egin du, “garai ilunei determinazioz egiten zaielako aurre, inoiz ez erresignaziotik”

Mikel Otero: “Inork sinesten al du eskuinak etxebizitzaren arazoa konponduko duela? Edo garraio publikorako laguntzak luzatuko dituela? Edo bankari zergak jarriko dizkiola? Euskal Herria ez dute engainatzen”

EH Bilduk Agurainen burutu du gaur kanpainako ekitaldi nagusia, eta bertan hitza hartu dute Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikorako idazkariak, Mikel Otero Kongresurako Arabako zerrendaburuak eta Eba Blanco Kongresurako Arabako hautagaiak.

Arkaitz Rodriguezek mehatxu faxistaren aurrean besoak ez jaisteko eta amore ez emateko eskatu du, esperantzarako aldarria eginez. Esan duenez, “garai ilunei determinazioz egiten zaie aurre, inoiz ez erresignaziotik. Ez baita etsipenerako edo besoak jaisteko unea. Hau esperantzarako momentua da. Orain inoiz baino gehiago”.

Alde horretatik, erantsi du Rodriguezek, “ezker subiranistak gaur konpromisoa hartzen du euskal herritar guztiekin partida hau 90. minutura arte jokatzeko. Guk ez ditugu euskal herritarrak abandonatuko. Atsedenik gabe borrokatuko dugu faxistak gelditzeko eta gehiengo aurrerakoi eta ausart bat posible egiteko. EH Bildurik gabe zenbakiek ez dutelako ematen, baina EH Bildurekin bermatuta dagoelako Euskal Herriaren eta bertako jendearen defentsa. Siglen gainetik, konfiantza. Hitzetatik haratago, ekintzak. Igande honetan denok irribarre zabal batekin ezkerreko suberanismoa bozkatzera. Boto guztiak EH Bildun biltzera. Posible egin”.

Ildo horri jarraituz, Mikel Oterok hauteskunde hauen ezohiko izaera nabarmendu du. “Atzo Oskarrek egindako eztabaidan egiaztatu genuen hauek ez direla ohiko hauteskundeak. Eta asko dagoela jokoan. Zeren, inork sinesten al du eskuinak etxebizitzaren arazoa konponduko duela? Edo garraio publikorako laguntzak luzatuko dituela? Edo bankari zergak jarriko dizkiola? Nor engainatu nahi dute eskuinak pentsioak pribatizatuko ez dituela diotenek? Inork uste al du euskal herritarron eskubideak bermatuko dituztela? Arrisku bat dira gure autogobernuarentzat eta euskararentzat. Baina badakizue zer? Euskal Herria ez dute engainatzen. Euskal herritarrok ez gaituzue engainatuko”.

Hortaz, Arabako zerrendaburuak igandean EH Bildu irabazle ateratzearen garrantzia azpimarratu du. “Ezker subiranistak irabazi behar du, eskubideen berme garelako eta jendeari egia esaten diogulako. Zintzotasunak irabazi behar du. Politika onak irabazi behar du. Azken batean, jendeak irabazi behar du. Eta, hori lortzeko, EH Bildu tresna eraginkorra da. Motozerraren aurrean, jendeak irabazi behar duelako. Erreakzioaren aurrean, Euskal Herriak irabazi behar duelako”.

Argazkiak