Opens in a new tab

2026-11-23

|

Ekitaldiak

EH Bilduk azaroaren 29eko hauteskundeetan botoa biltzeko deia egin du Gasteizen, «itxaropenezko ortzimuga eraikitzeko»

Pello Otxandianok eta Mikel Oterok EH Bilduren ekarpena eta Madrilen lortutako aurrerapen sozialak nabarmendu dituzte, eta azaroaren 29tik aurrera lan horretan sakontzeko beharra azpimarratu dute

EH Bilduk Gasteizko Probintzia plazan egin du gaur eguerdian larunbateko ekitaldi politiko nagusia. Bertan parte hartu dute Pello Otxandiano Legebiltzarreko EH Bilduren buruak, Mikel Otero Kongresurako Arabako zerrendaburuak eta Josu Estarrona Senaturako Arabako zerrendaburuak. Haiekin batera izan dira Eva Lopez de Arroyabe Arabako diputatu nagusirako hautagaia eta Rocio Vitero Gasteizko alkategaia.

Ekitaldian, azaroaren 29ko hauteskundeen garrantzia nabarmendu du Pello Otxandianok, baina argi utzi du hitzordu hori ez dela amaiera-puntua izango, datozen urteetako ziklo politikoaren abiapuntua baizik.

Horren ildotik, EH Bilduren aldeko botoa emateko deia egin du, “itxaropenezko ortzimuga eraikitzeko”. Izan ere, “EH Bilduren botoak ez du eskuin muturrari geldiarazteko bakarrik balio, datozen urteotan Euskal Herrian itxaropenezko ortzimuga eraikiko duen mugimendu politikoa indartzeko ere balio du”.

Otxandianok EH Bilduren aldeko botoa emateko deia berretsi du, EH Bildu boto eraginkorrena ere badelako. “Azaroaren 29an EH Bildun botoa biltzeko deia egiten dugu, EH Bildu boto eraginkor bakarra delako erreakzionarioak gelditzeko, ez dugulako ekidistantzietara jokatzen eta oso argi dugulako zer dagoen jokoan. Jokoan dagoena hori da, erreakzionarioek boterea lortu ala ez, eta EH Bildu bermea da hori galarazteko. EH Bilduk bloke erreakzionarioari jipoi antologikoa emango dio Euskal Herrian. Inoizko emaitzarik onenak ateraz gero, eta bide horretan gaude, erreakzionarioak ez dira Gobernura iritsiko”.

Bestalde, Mikel Otero Kongresurako Arabako zerrendaburuak Madrilen EH Bilduk egindako lana eta lortutako aurrerapen sozialak izan ditu hizpide. Haren hitzetan, “herri honetako jendeak badaki EH Bilduk hitz egiten duenean berri onak emateko dela”. Hala ere, egindako lana ez dela nahikoa azpimarratu du Kongresurako Arabako hautagaiak, eta datozen urteetan aurrera egiten jarraitzeko beharra nabarmendu du: “Baina badakigu ezer ez dela nahikoa. Azaroaren 29tik aurrera askoz gehiago egin behar dugu, eta horretarako, boto andana behar dugu”.

Izan ere, “EH Bildurik gabe ez da aurrerapen sozialak ahalbidetuko dituen gehiengorik izango. EH Bildurekin Euskal Herriaren eta bertako herritarren defentsa bermatuta egongo delako. EH Bildurik gabe ez dira kontuak ateratzen”.

Argazkiak