EH Bilduk euskal kostaldea babesteko politika publikoak indartzea eta kudeaketan burujabetza aldarrikatu ditu
Iñaki Ostolazak kostaldeko ekosistema hauskorren babesa hirigintza-proiektuen gainetik lehenestearen beharra nabarmendu du, eta euskal erakundeek itsasertzaren antolamenduan erabakitzeko gaitasun osoa izatea defendatu du.
EH Bilduk euskal kostaldea babesteko politika publikoak indartzea eta haren kudeaketan euskal erakundeen burujabetza bermatzea aldarrikatu du. Iñaki Ostolazak nabarmendu duenez, kostaldeak ingurumenaren, aberastasun ekologikoaren, historiaren eta ekonomiaren ikuspegitik duen balioa kontuan hartuta, haren kontserbazioa lehentasun politikoa izan behar da.
Ostolazak gogorarazi du euskal kostaldeak balio berezia duela hainbat arlotan, eta bereziki aipatu ditu Flysch-a eta Euskal Kostaldeko Geoparkea. Horregatik, EH Bilduren lehentasunetako bat kostaldeko ekosistema hauskorren babesa dela adierazi du, hala nola itsasadarrak, padurak eta itsaslabarrak. Ildo horretan, azpimarratu du babes hori eguneroko politika publikoetan islatu behar dela, hirigintza-proiektu handien aurretik ingurumenaren kontserbazioa lehenetsiz. Horretarako, inbertsioak behar direla ere nabarmendu du.
Era berean, klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko eta deskarbonizazioa bizkortzeko politika publikoak indartzea ezinbestekotzat jo du. Neutraltasun klimatikoa 2040-2045 ingururako lortzea helburu, itsas mailaren igoerari eta denboraleei aurre egiteko neurriak hartzea defendatu du. Horretarako, erakundeen arteko lankidetza beharrezkoa dela adierazi du, eta gogorarazi du EH Bilduk arlo horretan ekarpenak egin dituela, baita Madrilen ere, aurreko legealdian baliabide ekonomikoak lortuz. «Berriro ere egingo dugu», adierazi du.
Kostaldearen kudeaketari dagokionez, Ostolazak azaldu du eskumenak hainbat administrazioren artean banatuta daudela. Espainiako Estatuari dagokio itsasertzeko jabari publikoaren mugaketa eta kudeaketa, baina autonomia-erkidegoek ere eskumen garrantzitsuak dituzte ingurumenaren kontserbazioan eta lurralde-antolamenduan. Horregatik, udalen, foru-aldundien eta Estatuko Kostalde Zerbitzuaren arteko koordinazioa beharrezkoa dela azpimarratu du.
Zumaian, Itzurungo hondartzan, egindako lana jarri du horren adibide. Iparraldeko sarbidean babes-neurriak bermatzeko konponbidean udalak parte hartu duela azaldu du, baina jabari publikoan jarduteko Estatuko Administrazioaren baimena behar izan duela ere gogorarazi du.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk aldarrikatu du euskal erakundeek lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduan erabakitzeko gaitasun osoa izan behar dutela, Madrilgo edo Parisko administrazioen menpekotasunik gabe. Ostolazaren hitzetan, euskal kostaldearen etorkizunari buruzko erabakiak Euskal Herritik hartu ahal izatea funtsezkoa da haren babesa eta kudeaketa bermatzeko.