Opens in a new tab

2026-11-19

|

Ekitaldiak

Oskar Matute: “Gehiengo aurrerakoia osatzeko modu bakarra EH Bildu indartsu bat da, benetan eraginkorra den botoa”

EH Bilduk Lizarran egin du gaurko ekitaldi politiko nagusia. Bertan Kongresurako Bizkaiko zein Nafarroako zerrendaburuek, Oskar Matutek eta Eneka Maizek hurrenez hurren, eta Floren Aoiz Senaturako Nafarroako zerrendaburuak hartu dute hitza. Matuteri egokitu zaio mitina ixtea, aldarri argi batekin itxi ere: hil honen 29ko hauteskundeetan “gehiengo aurrerakoia osatzeko modu bakarra EH Bildu indartsu bat da, eta hori lortzeko modurik onena, benetan eraginkorra den botoa, EH Bildurena da. Hitzekoak garelako. Ez dugulako administrazio kontseilurik gure zain, ezta ate birakaririk ere. Herritarrak zerbitzatzera etorri garelako, eta ez politikaz bizitzera. Alternatiba badagoelako, posible egingo dugu”.

Bizkaiko zerrendaburuak ezinbestekotzat jo du “gehiengo aurrerakoi bat osatzea aurrera egiteko, urrunago iristeko eta herritarren eskubideak eta askatasunak bermatzeko, eta “apaltasunez baina baita irmotasunez ere” erantsi duenez, “EH Bildu da gehiengo aurrerakoi hori eraginkorra izateko bermea. Etxebizitzaren arazoari soluzioa emateko, pentsioak bermatzeko, prezioak jaisteko eta herri hau eta bertako herritarrak defendatzeko. Eta hori egunero erakusten dugu, ekinez egiten dugu”.

Matutek azpimarratu duenez, “hau ez da ekidistantzietarako unea, jada ez baitu balio esateak berdin dela nor dagoen gobernuan”, PP-Vox gobernu bat arriskutsua izango litzatekeelako migratzaileentzat, emakumeentzat, LGBTI pertsonentzat, pentsiodunentzat eta Euskal Herria bezalako herri burujabeentzat. Izan ere, “eskuin muturra ez da arrisku bat demokraziarentzat, demokraziaren kontrakoa da”. Horregatik, etsipenean erori ez eta itxaropenerako deia egin du, “herri hau martxan jarriko dugulako ultraeskuinaren mehatxua gelditzeko, eta hala egingo dugu. Euskal Herriak bloke erreakzionarioa garaituko du”.

Eneka Maiz Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak, bestalde, EH Bilduk aberria alderdiaren aurretik jartzen duela gogorarazi du –“EH Bilduk erakutsi du herriaren eta herritarren interesak siglen interesen gainetik jartzeko erantzukizuna duela”– eta azpimarratu du EH Bildu dela “politiken ardatza ezkerrera mugitzeko giltza, bloke erreakzionarioa erabateko irrelebantziara eramateko bermea izateaz gain”.

Bada, “EH Bildu indartsu bat da bloke aurrerakoiaren politikak benetan aurrerakoiak izan daitezen bermatzen duena. Ez gara erdibidean geratzen, herritarrei baino ez gatzaizkielako zor”. Maiz sinetsita agertu da herritarren botoekin “eraldaketa sakonagoak gauzatzea lortuko dugula, EH Bilduri emandako botoa gehiago eta indar handiagoz egiteko bermea baita. Beraz, ez dizuegu sigla bati atxikitzeko eskatzen; itxaropenaren olatuaren parte izateko aukera baliatzeko eskatzen dizuegu”.

Floren Aoiz Senaturako Nafarroako zerrendaburuak Lizarrako Estatutua, Hego Euskal Herri osoa batera hartzen zuena, gogora ekartzeko baliatu ditu bere lehendabiziko hitzak, “Estatutu hori gogoratzeak indarrak ematen dizkigulako helburu hori lortzeko”. Aoizek “militantzian eta parte-hartzean oinarritutako politika” ere aldarrikatu du, “EH Bildun dugun eredua”, alegia, eta koalizio subiranistaren antifaxismoa goraipatu du, “antifaxismo plus” delako, eskuinari geldiarazi ez ezik, alternatiba ere eraikitzeko gai delako, betiere herritarren eskubideen defentsan.

Bideoa
Agenda
Nafarroa Garaia

2026-11-23 19:00 

Ekitaldia

Altsasu - Iortiako estalpea

Mertxe Aizpurua

Eneka Maiz

Bel Pozueta

Laura Aznal

Floren Aoiz

2026-11-27 19:00 

Ekitaldia

Iruñea

Arnaldo Otegi

Oskar Matute

Idurre Bideguren

Eneka Maiz

Mikel Otero

Oihana Etxebarrieta

Joseba Asiron

Gehiago ikusi