Opens in a new tab

2026-11-19

|

Etxebizitza

EH Bilduk etxebizitza krisiari aurre egiteko konpromisoa aldarrikatu du Errenterian, eta eskubide hori bermatzeko indar politiko gehiago eskatu du

EH Bilduk etxebizitza krisiari aurre egiteko egiten ari den lana eta aurrera begirako proposamenak aurkeztu ditu gaur goizean Orereta/Errenterian egindako agerraldian. Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Kongresurako Gipuzkoako hautagaia Altzaten izan da, eraikiko diren etxebizitzen orubearen aurrean, IƱaki Ostolaza Zumaiako alkatearekin eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkatearekin batera.

Otaegik nabarmendu du Orereta/Errenteria dela EH Bilduk etxebizitza krisiari aurre egiteko duen konpromisoaren erakusgarri. Izan ere, udalerri tentsionatu izendatutako lehen euskal udalerria izan zen, eta alokairuen erregulazioa aplikatzen ere lehena izan zen.

Izendapen horrekin batera, etxebizitza udal-plan anbiziotsua jarri zuen martxan EH Bilduk, etxebizitza publikoaren parkea handitzeko, etxebizitza hutsak mobilizatzeko eta, bereziki, gazteei etxebizitza eskuragarriak izateko aukera berriak eskaintzeko.

“Orereta/Errenteria gure udalerriak argi eta garbi ordezkatzen du EH Bilduk bizi dugun etxebizitza krisiari irtenbideak eskaintzeko duen konpromisoa. Bizitegi-larrialdiaren neurriaz jabetzen gara, eta egoera aldatzeko gure esku dauden neurri guztiak hartzen aritu gara. Hala jarraituko dugu hemendik aurrera ere, gobernatzen ditugun udaletan eta eskura ditugun erakunde guztietan”, adierazi du Otaegik.

Ildo horretan, EH Bilduk gobernatzen dituen udaletan egindako lana azpimarratu du. Besteak beste, lurzorua Eusko Jaurlaritzaren esku jarri eta alokairuaren erregulazioa bultzatu dute, beste erakunde batzuen oztopo eta atzerapenen gainetik. Halaber, Zumaia izan zen etxebizitza turistikoak arautzen lehena, Azpeitia etxebizitza hutsei kanona ezartzen lehena, eta Orereta/Errenteria Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Presazko Neurrien Legea aplikatzen lehena, babestutako etxebizitzen eraikuntza sustatzeko.

Madrilgo jardunari dagokionez, Otaegik azaldu du EH Bilduk eskura izan dituen aukera guztiak baliatu dituela etxebizitzaren errealitatea eraldatzeko, eta azaroaren 29tik aurrera ere norabide berean jarraituko duela lanean.

“Madrilen ere eskura izan ditugun aukera guztiak baliatu ditugu etxebizitzaren errealitatea eraldatzeko. Azaroaren 29tik aurrera ere, orain arte bezala, eskura ditugun tresna guztiak baliatzen jarraituko dugu etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko”, adierazi du.

Aurrera begira, EH Bilduk argi ditu etxebizitzaren arloan bultzatu nahi dituen neurriak: etxebizitzen erosketa espekulatiboa murriztea, maizterrei eta jabe txikiei egonkortasuna eta segurtasuna bermatuko dizkieten kontratuen luzapenak berreskuratzea, familia zaurgarrien etxegabetzeak modu estrukturalean debekatzea eta legez kanpoko ostatu turistikoen aurka jardutea.

“Argi daukagu zein norabidetan egin nahi dugun aurrera: etxebizitzen erosketa espekulatiboa murriztea, maizter eta jabe txikiei egonkortasuna eta segurtasuna bermatuko dien kontratuen luzapena berreskuratzea, familia zaurgarrien etxegabetzeak modu estrukturalean debekatzea eta legez kanpoko ostatu turistikoen aurka jardutea. Horiek dira gure buruari jartzen dizkiogun helburuak”, esan du.

Azkenik, Otaegik herritarren babesa eskatu du helburu horiek gauzatzeko eta EH Bilduk erakundeetan duen indarra handitzeko.

“Etxebizitzaren krisiaren aurrean konponbideak behar eta eskatzen dituzten herritar guztiei EH Bildurengan konfiantza izateko deia egiten diegu. Orain arte baino indar handiagoa eta euskal herritarren babes handiagoa behar dugu. Atsedenik gabe lan egingo dugu, eskura ditugun neurri guztiak baliatzen jarraituko dugu eta behar den guztia egingo dugu etxebizitzak negozio izateari utzi eta guztiontzako eskubide izan daitezen”, amaitu du Otaegik.

Bideoa
Agenda
Gipuzkoa

2026-11-22 12:00 

Ekitaldia

Donostia - Tabakalera

Arnaldo Otegi

Oihana Etxebarrieta

Francesc Marc Alvaro

Idurre Bideguren

Nerea Kortajarena

Maddalen Iriarte

2026-11-25 16:30 

Ekitaldia

Donostia - Zurriolako egoitza

Oihana Etxebarrieta

Mertxe Aizpurua

Nerea Kortajarena

Olaia Duarte

Gehiago ikusi